Hitzordua, 18:00etan da Urkiolako santutegian bertan, Bizkaian eta Euskadin erlejino-usadio handiko eremu naturalean. Deialdia hiru lurraldeetako fededunentzat da eta gura dauanak alkarte esperientzia hau bizitzeko aukera izango dau.
Harrera prestatu eta ekitaldia ahalik eta ondoen antolatu ahal izateko, joateko ustea izan ezkero, aldez aurretik jakinarazoteko eskatu dabe arduradunek. Horretarako, aukera bi dagoz:l 94 681 41 51 telefonora deitu edo 606 346 606 zenbakira WhatsAppa bialdu.
Ez da santutegitik honako ekimena bultzatzen dan lehenengo aldia. Udabarriko deialdia egin dabenek gogora ekarri dabenez, honako hau aurretik egindako beste otoitz esperientzia bateratuen jarraipena da. Hain zuzen be, Juanjo Elezkano eta MIkel Azpeitia abadetxean dagozanetik, antzeko ekitaldia egin zan joan dan Gabonetan.
Orain, barritze eta loratzearen ikur dan udabarriaren etorreragaz, antzeko ekitaldia egingo da Urkiolako santutegian, bakez egoteko eta otoitz egiteko.
Izadia eta sagaratua
Urkiolako parke naturala eta bere ingurua, espiritualtasun, mitologia eta izadiaren arteko topagune izan da antxina-antxinatik. Honan kontatzen eban Joseba Legarzak:
Historiaurretik, Bizkaiko txoko honen edertasun basatia, bakardadea eta isiltasuna paisaia hutsa baino zeozer gehiago uste izan da. Gure arbasoek, artzain eta nekazarien baserri-inguruan txertatuta, azalezinekoa azalduko eukean eta segurtasun-emoile izango eitekean goi-izakiaren premina sentitu eben. Premina horrek Anbotoko Marirengan hartu eban forma. Berau zan mendiko kobetan bizi zan jainkosa eta berari gomendatzen jakozan eguraldi ona, larreen emonkortasuna eta uzten oparotasuna ziurtatzeko.
Marirengandik San Antonengana
Kristautasunaren helduerak -inguruan IX. edo X. gizaldian finkatu zan- ez eban jainkozko bitartekotzaren premina sakon hori desagerrarazo. Beste azalpen bat eskeintzen eban, baina jenteak ezinbesteko ebazan euren eguneroko pobreziak ulertzeko gauza ziran hurreko bitartekariak. Eta San Anton IV. gizaldiko abadearengan aurkitu eben Mariren oinordeko perfektua. San Anton baserritarren zaindari eta abereen babesleak bere gain hartu ebazan jainkosaren eskumen berak.
Holan, Anbotoko kobara egiten zan erromesaldia “kristautu” egin zan. Lehenengo ermita sortu, eta ganadua eta etxea babesteko erreguak lehen lez egiten ziran, baina orain kristau santuari zuzenduta. Urteak joan, urteak etorri, debozino herrikoia harago joan zan, otoitzetan San Anton eta Paduko San Antonio nahastatuz eta, azkenean, “gazteak bezeroak ostu eutsazan zaharrari”, biek jasotzen badabe be jentearen miresmena.

Erreguteak
Bakarka egiten zan erregu lez hasi zana, alkartearen ekitaldi bihurtu zan zoritxarrak alkarte osoa astintzen ebanean. Lehorte, gerra edo izurrietan, ezer gitxi balio eban bakarkra ibiltzeak eta, orduan, jentetzak joaten ziran Urkiolara.
Erregute honeek, jatorria zehazterik ez badago be, santutegiaren historia markatu egin dabe. Askotariko arrazoiak egozan santutegira erromesaldiak egiteko: bakea, osasuna, euria…

Lur eta itsas legatua
Itsasoan bizi ziranek be, kostaldeko arrantzaleek, Urkiolara begiratzen eben. Lehengo denporetan, oparien kaperan, itsasontzien maketak eta salbagailuak egozan zintzilik, hondoratze eta zoritxarretan, eurak be santutegira baretasunaren eta jainko babesaren bila joaten zirala erakutsiz.
Urkiola, beraz, parke naturala baino askoz gehiago da.







