Otxarkoaga ikastegiak bigarren urtez jarraian parte hartuko dau UniRaid basamortuko rally solidarioan.
Ikastegiko irakasle bik, erizaintzako ikasle bik eta karrozeriako ikasle bik osotzen daben Otxariders taldeak auto klasiko bitan parte hartuko dabe lasterketan. Mapaz eta iparrorratzaz baliatuz egingo dabez sei etapak. dana dala, ikastegitik dinoenez, “uneoro egongo dira geolokalizatuta”.
Marokon ospatuko dan rally honetan, 250 automobilek parte hartuko dabe. Xabi Rastrero, Sergio Bravo eta Egoitz Lopez ikastegiko irakasleei rallyari buruzko xehetasun guztiak azaldu eutsiezan ikasleei azaroan ospatu zan saioan. Hiru irakasleok gizataldearen eta balio solidarioen garrantzia nabarmendu eben, Uniraid baten zutabetzat joz. Euren esanetan, gainera, “ezinbestekoa da ibilgailua ondo zaintzea eta nabigazino-liburuak taldeari emongo deutsazan argibideak zehatz-mehatz jarraitzea”.
Txandakako etapak
Ikastegiko partaideetako bik txandakako etapak egingo dabezan eta materiala ospitale eta herrixka behartsuenetara eroateko ardura izango daben FamaRiders dalakoakaz batera parte hartuko dabe proban.
UNIRAID ekintzaile-sena daben 18 eta 28 urte bitarteko ikasleei zuzendutako abentura da, gizatasuna eta alkartasuna buztartzen dituana. Bederatzi egunez, Marokoko basamortua zeharkatuko dabe 20 urtetik gorako automobiletan. Urtero egiten da proba hau otsailean eta ez da abiadura nabarmentzen dana; bidaia-abentura da eta partaideek roadbook batez nabigatuz eta askotariko oztopo, erronka eta probak gaindituz bete behar dabez 7 etapak, Maroko iparraldetik hegoaldera zeharkatu eta herrixketara 40 kg material solidario eroateko.