11-02-2025 Martes, V semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Otxarkoaga ikastegiko taldeak abenturari ekingo deutso Tangerren
08.02.2025

Otxarkoaga ikastegiko taldeak abenturari ekingo deutso Tangerren

Lau ikaslez eta irakasle biz osotutako Otxarkoaga ikastegiko taldeak bigarren urtez jarraian parte hartuko dau UniRaid 2025 rally solidarioan. Gaur, otsailak 8, Tangerren hasiko dan jarduera solidario honen helburua hauxe da: materiala eroan Marokoko basamortuko leku bakartuetako alkarte, ospitale, eskola eta inguruetara eroan. Joan dan martitzenez, OtxarRiders deitutakoak Begoñako basilikara joan ziran euren autoakaz eta bedeinkapena jaso eben Ignacio Fernandez parrokoaren eskutik. 

Heldu da eguna Otxarkoagako ikastegiko taldeak rallyari ekin deion. Orain arte prestatzen aritu izan dira beste 250 autogaz batera abentura solidario hau arrakastaz burutzeko. 

Martitzenez, eleizbarrutiko ikastetxeen EBI sareko ikastegiko talde osoa, irakasle eta zuzendariagaz batera, Begoñako basilikara etorri zan basamortuan milaka kilometro egingo dabezan autoakaz batera. Parrokoak pertsonak zein lasterketarako prestatu dabezan autoak bedeinkatu ebazan. 

OtxarRiders

OtxarRiders taldea da Euskadiko partaide bakarra eta ikastegiko irakasle bik, erizaintza-gradu ertaineko ikasle bik eta karrozeria-graduko beste bik osotzen dabe. Osasun-materiala prestatu dabe eta autoak puntuan ipini dabez rallyaren sei etapak burutu ahal izateko.

Taldea geolokalizatuta egongo da beti eta laguntza mekanikoa ziurtatuta izango dau. Ibilgailuen mantenu eta zaintzaz arduratuko dira eta zehatz-mehatz jarraitu behar izango dabez antolakuntzatik jasoko daben nabigazino-liburuan jasotako jarraibideak. Auto klasiko bitan, iparrorratzaren eta nabigazino-maparen laguntzaz, 2.400 kilometro egin behar dabez haranzkoan eta beste hainbeste itzuleran, era guztietako oztipo naturalak gaindituz eta auto bakotxean 40 kilo material solidario eroanez.

Emondako autoak

Berrizko Mesedetako Misiolariek eta La Inmaculada ikastetxeak emondako autoetan joango dira. Aurton, gainera, bada barritasun bat: euskal taldeak Zurekin enpresak emondako furgoneta izango dau eta irakasle biak joango dira bertan. Honeek beste etapa batzuk egingo dabez baina helburu beraz: materiala eroan premina gorrian dagozan ospitale, amaetxe eta herrixketara. 

UniRaid Otxarkoaga bedeinkapena
Bedeinkapena

Otxarkoaga UniRaid