San Fausto auzoa berrogeita hamarreko hamarkadan altxau zan Espainiako hainbat lekutatik Durangora bizitza hobe baten bila etozan familiak hartzeko. Auzo bizi eta alaia zan, baina baita baztertua eta zailtasun askogaz be. «Sarbide bakarra kale luze bat zan, fabrikaz inguratua eta txarto argiztatua, eta horrek ia ghetto bihurtzen eban. Durangon ez ginduezan ondo ikusten; gogoan dot, mutikotan, bazala jentea agurtzen be ez ginduzana», oroitarazten dau Iñaki Loinazek, Bilboko eleizbarrutiko abadeak, orain 50 urte eleizako inaugurazinoan akolito modura lagundu ebanak.
Tenplua eregi aurretik, jesuitek, aita Beltran de Herediagaz, mezak egiten ebezan eskola nazinonaletan eta frontoian, eta Loinazekek berak jaunartzea egin eban lekuan. Egun horretan bertan, aita Vicente Zavala aurkeztu eben auzora. San Fausto baseleiza, Durangoko zaindariaren egoitza, abandonauta egoan orduan. «Oilo eta untxiak ikusi dodaz barruan; korta bat zan», gogoratzen dau Loinazek.
Eraikina
1975eko maiatzaren 12an hasi ziran garbiketa lanak. Suhiltzaileek teilatutik geratzen zana kendu ondoren, bizilagunek eurak hartu eben txanda. «Auzoko langileak, lanetik urten orduko, ordu pare baten joaten ziran harria garbitzeko. Horrek auzo-kontzientzia biztu eban: zeozer garrantzitsua genduala sentidu genduan», dino.
1976ko urriaren 13an, orduan Bilboko gotzain laguntzaile zan On Joan Maria Uriartek eleiza barria bedeinkatu eban bere lehen pastoral zerbitzuan.
Sé que aquí, en este barrio, hay un porcentaje minoritario de gente que ha nacido en Durango. Y sé, también, que hay un porcentaje mayoritario de personas que han venido de lejos. A todos os pediré que viváis unidos y gozosamente unidos.
Juan María Uriarte (1976ko urriak 13))
Parrokiagaz batera jaio ziran San Fausto Gizarte Zentroa, Mariaren Legioa eta pastoral kontsejua. Zavala, herri erlijotasunzalea, familia bakotxak bere lurraldetik ekarzan debozinoak hartzen jakin eban, eta auzoko andaluziar, extremadurar edo palentziar zentroetara lagundu eban. «Parrokiak duintasunez auzo sentiarazi ginduzan», laburbiltzen dau Loinazek.
Vicente Zavala, Durangoren alde emondako bizitza
Aita Zavala 1963ko uztailaren 31an aurkeztu eutsoen ofizialki Durangoko jesuitei (San Fausto parrokiako argazkia)
1931n Tolosan jaioa, Vicente Zavalak Durangoko jesuiten San Jose ikastetxean ikasi eban. Murtzian denporaldi labur bat emon ondoren, herriko ikastetxera itzuli zan eta, geroago, San Faustora, eta haren ardura hartu eban 2004ko abuztuan hil zan arte. Durango izan zan abade gisa izan eban destino bakarr
Loinazek gizon adeitsu, serio eta kultu lez deskribatzen dau, “Baina batez be neurririk bako harrerea egiten jakin ebana. Ezagutzen zenduanean, bere etxeko sentiduten zinan. Bardin eutsan enpresari handia edo auzoko edonor izan». Zailtasun gehien ebezan familiengana be iristen zan haren laguntza, baita urte hareetan drogak kolpetutakoengana be: kupoi batzuk emoten ebazan, auzoko denda txikietan erropa edo tresnekin trukatzeko. «Jenteari asko lagundu eutsan, ez bakarrik ekonomikoki, baizik eta familiei be eskua luzatuz».
Espiritualtasun sakoneko gizona
Espiritualtasun sakoneko gizona be izan zan. «Luzaroan jesarrita edo belauniko, isilik, Sagrarioaren aurrean, ikusi izanaren irudia daukat, nik organua joten edo koruan entsaiatzen neban bitartean. Eukaristia, Ama Birjina eta Eliza izan ebazan maitasunik handienak», dino Loinazek.
Hain zuzen be, Zavalak bultzatu eban organua ikastera, bederatzi urtez San Fauston jo eban soinu tresna, eta egun batean abade izateko aukera planteau eutsan. «Lehenengo eta behin karrera amaitzeko esan eustan, eta gero deia sentiduten jarraitzen baneban, berba egingo genduala». Halan izan zan: Deustun Pedagogia ikasi ondoren, barriro ekin eutsien alkarrizketa hari. «Beti jakin izan eban bakotxaren erritmoak laguntzen eta errespetetan. Eleizako mutikoa ez nintzan arren, konfiantzazko botoa emon eustan beti».
Lan asko egin eban debozinoei eusteko: maiatza eta urria Tabiran, Aste Santuko prozesinoak. Arrosarioko Ama eta Bera Kruz kofradiak berreskuratu eta Andra Mariari buruzko kongregazinoak bultzatu ebazan.
Beste hainbat erakin be barriztatu zan bere sasoian: Tabirako eleiza, San Pedro, Arrosarioko Andra Mari eta Bera Kruz ermita.
Eleiz eremutik kanpo be entzutetsua izan zan, Kurutziaga bilduma sustatu eban: Durangoko historia, erakundeak, herritarrak…, berak egin ebazalarik liburu gehianak. Orfeoia edo Durangoko Kultur alkartearen inguruan be idatzi eban. Gaur egun, ipuin eta komikien lehiaketak bere izena dauka.
Vicente Zavala Kultur alkarteak -Juan Antonio Garaygordobil da burua- jarriko dau plaka eta kartela parkean. Gotzainak plaka bedeinkatuko dau.







