23-05-2025 Viernes, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 Bake eta Adiskidetzea 5 Parte hartu gura dozu bakearen, desarmearen eta zuzentasunaren aldeko ekitaldian?
23.05.2025

Parte hartu gura dozu bakearen, desarmearen eta zuzentasunaren aldeko ekitaldian?

Maiatzaren 31an, zapatuz, ekitaldia izango da eskolapioek Bilbon daben ikastetxean, 10:00etatik 13:00era. BIzkaiko kristau talde, alkarte eta mobimenduek antolatuta, otoitz egiteko eta proposamenak aurkezteko alkartuko dira, "bakea, desarmea eta zuzentasuna" aldarrikatuz. 

Deialdia egin daben taldeen esanetan, militarizazinoa, berrarmatzea eta indarkeria geratu barik hedatzen ari diranean, “kristau lez bakegile izan behar dogu, ezin gara axolagabe geratu gerraren eta bidegabekeriaren aurrean. Benetako bakea ezin dala indarkeriaren eta bazterkeriaren gainean eraiki erakutsi deusku tradizinoak. Pentsamoldez aldatu eta indarkeria eta desbardintasuna betikotzen dabezan egiturak baztertu egin behar doguz, batez be armen bidezko aginte eta kontrola bilatzen dabenak”.

Esker ona adierazo deutse Frantzisko Aita Santuari bildurraren bideen aurrean bakearen aldeko konpromiso sutsua agertzeagaitik, bildurra, gerra eta armak aldarrikatzen dabezan bideei uko eginez. “Gogoan doguz oraindik Pazko Egunez esandakoak, izan be, aita santuaren ustez, ezinezkoa da bakea benetako desarmatze barik eraikitzea. Gainera, berrarmatzeko lasterketa orokorraren aurka agertu zan eta bildurraren logikaren aurrean amore ez emoteko eskatu eban”.

Bake eta desarmearen alde
Bake eta desarmearen alde

Laudato Si’

Deialdian, Laudato Si’ entziklikaren aitamena be egiten da. Idazki horretan, irabazia giza bizitzaren gainetik jarten dauan gaur egungo ekonomia-sistemak “ekonomia hiltzailea” dakar eta sistema horretan, armak, armamentismoa eta indarkeria konponbide lez ikusten dira eta giza garapenerako eta gizarte justiziareko ezinbesteko bitartekoak ezereztzat jo. “Sistema honek errubakoen heriotzak eragiten dituan eta danona dan etxea, planeta, suntsitzen dauan indarkeriaren kultura eragiten dau”. 

Bazterkinen kultura

Hilaren 31ko ekitaldirako deialdia egin dabenen esanetan, “bazterkinen kulturaren” testuinguruan, pertsonak, nagusi dan ekonomia eta gizarte ereduan ustez lekurik ez dabenean, erabili eta botateko gauzatzat hartzen diran testuinguruan bizi gara. “Gatazketan konponbide baketsu eta gizatiarrak bilatu ordez, militarismoa eta arma-lasterket bidezko erantzun lez hartzen dira, segurtasuna lortzeko eta ekonomia-sustapenerako”.

Logika suntsitzaile hau agertu eta salatu egin behar dogula dinoe. “Uko egin behar deutsagu berrarmatzeari, gure bitartekoak jaten dituan indarkeriari eta armek eskaintzen deuskuen guzurrezko segurtasunari. Desarmean, heziketan, behartsu eta ahulenen aldeko arretan, herrialde eta kulturen arteko ulermenerako zubien eraikuntzan eta errespetu eta senidetasunean oinarritutako bakearen kulturaren sustapenean”.

Maiatzaren 31an, zapatuz, eskolapioen ikastetxean

Dei egiten deutse maiatzaren 31an, zapatuz, eskolapioen ikastetxean eurakaz bat egin gura daben guztiei. “Altxagu daigun ahotsa militarismoaren eta berrarmatzearen aurka, agintariei bakea eta lankidetza indarkeria eta suntsiketaren gainetik aukeratzeko eskatuz. Pertsona eta planeta lehenetsi daiguzan gure erabakietan. Gure fede eta ekintzak bat egin daiela mundu hau eraldatzeko! Ezin dogu gehiago itxaron. Hauxe da ekintzara jotzeko unea!”.