11-09-2025 Jueves, XXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Parte hartu gura dozu hilabete honetan hasiko diran ‘Otoitza eta bizitza’ tailerretako baten?
10.09.2025

Parte hartu gura dozu hilabete honetan hasiko diran ‘Otoitza eta bizitza’ tailerretako baten?

Ignacio Larrañaga kaputxino azpeitiarrak sortu ebazan "Otoitza eta bizitza" tailerrak munduko 40 herrialde ingurutan garatzen dira, 19.500 inguru dira tailer-arduradun edo gidariak eta Vatikanoak 1997an onartu ebazan. Laikoek osotzen dabe Bizkaiko taldea eta urtero arduratzen dira egitasmo interesgarria prestatzeaz. Aurton, irailean emongo deutse hasiera jarduerei, hain zuzen be hilaren 15ean, martitzenez, Deustuko San Felicisimo parrokian, helduei zuzendutako saioagaz, eta 24an, Indautxuko Karmeneko Ama parrokian, gazteei zuzendutako ekitaldian. 

“Otoitza eta bizitza” tailerrak eleiz zerbitzua dira otoitz egiten ikasteko eta otoitzean sakontzeko. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, “ikaskuntza hau esperimentala da, tailer erakoa: otoitz eginez ikasten da otoitz egiten. Jaunagaz buruz buruko hartu-emona izaten ikasten da, era askoktara, hastapenetatik kontenplazinoaren mailaraino. Baina bizitzarako tailerra be bada eta partaideak segurtasunik ezak, konplexuak, bildurrak eta tristurak uxatu egiten ditu, sendotasun psikikoa jadesten dau eta bizitzaren sena eta bizi-poza berreskuratzen ditu”.

“Otoitza eta bizitza” tailerren inguruan gehiago jakiteko: www.tovpil.org

Hurrengo tailerrak:

“Otoitza eta bizitza” tailerra helduentzat

Deustuko San Felicisimo parrokian. Argibideetarako saioa irailaren 16an, martitzenez, 19:30etan.

“Otoitz egiteko era barriak arakatuz, Jainkoagaz hartu-emon hobea, lagunarteko harremana, harreman sakona izan gura badozu. Bizitza espirituala hobetu, bildurrak uxatu, bakea aurkitu, bizitzaren zentzuna berreskuratu, pertsona hobe eta zorioneko izatea gura izan ezkero…”. Zatoz. ikasi otoitz egiten bizitzen ikasteko. Gehiago jakiteko eta hartu-emonerako: Roberto 620 886 755 eta Leonor 686558098.

"Otoitza eta bizitza" tailerrak

“Otoitza eta bizitza” tailerra gazteentzat

Bilboko Karmeneko Ama parrokian. Argibideetarako saioa irailaren 24an, eguaztenez, 20:00etan.

“Ausartu zaitez Espirituarengan abentura bizitzeko. Jesusek lagunduko deutsu zure hutsunea betetzen, zure bizitzari zentzuna emoten, zeure burua aurkitzen eta oreka emozionala lortzeko”. Gehiago jakiteko eta hartu-emonerako: Pedro 660376410.

"Otoitza eta bizitza" tailerrak