Aspaldikoa da Borja Uriarte abadeak Aste Santuko prozesinoakaz dauan lotura. Hamabi urte ebazanetik kofradiakide da jesuiten Eukaristia Santuaren Penitentzia kofradian. Askotan atara da prozesinoan, Seminarioko heziketa-aldian izan ezik.
2016an abade egin ondoren, behin baino gehiagotan izan da buru prozesinoan. Orain zorioneko da, “niretzat zentzuzkoagoa” dan lekuan dagoalako, lepakari lez, habe-harrira lotutako Jesusen pausoa eroanez.
Zer sentitzen dozu pregoilari izatean?
Erantzukizuna eta lotsa apur bat. Ez dot gustuko jentaurrean azaltzea, baina azalduko nazan ezkero, sakoneraino joango naz. Ohorea da eta aukera bikaina, Aste Santuaz ze bizipen dodan eta Aste Santua zelan ulertzen dodan jente askoren aurrean azaltzeko. Erronka da, oaria eta, neurri baten, baita fardela be.
Ze zentzun daukie prozesinoek gizarte sekularizatu honetan?
Nire ustez, sekulako indarra daukie edertasunaren eta estetikaren aldetik, eta erakargarri izan daitekez. Atsekabez, sufrimentuz, bidegabekeriaz… betetako mezua da… Baina, aldi berean, edertasuna, musika… dago, jente asko erakarri leikien osagaiak dira.
Zer da zuretzat lepakari izatea?
Prozesinoa, otoitz egiteko aukera da, baina, gainera, nire bizipen espiritualari lotutako ahalegin fisikoa dago. Jesusegaz egoteko unea da, otoitzaren bidez Harengana gerturatzeko, Ha begiesteko… unea.
Ze ikuspuntu emon deutsazu pregoiari?
Otoitza da. Jesusegaz noa eguneroko erromesaldietatik; prozesino bakotxak ze agertzen deuskun eta pauso bakotxaren haritik errezatzeko eta begiesteko ze mezu dagoan antzematen dogu.
Norentzat da?
Kristau hizkuntza ulertzen dabenak izan dodaz gogoan idaztean. Pietatea edo Doloretakoaren esanahia ulertzen dabenak. Baina bertan behera itzitakoez, indarkeriaz, gerraz eta bakeaz be hitz egingo dot. Etorkinak be aitatuko dodaz, eta asko jardungo dot itxaropenaren eta fedeari lotutako sufrimentuaren inguruan, gure sasoiko gaiak dira-eta.
Alakarrizketa osorik, Alkarren Barri aldizkariaren hurrengo alean.