11-01-2026 Bautismo del Señor
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Prest da Bizkaiko Eleizaren mantentzerako IV. kanpaina
10.01.2026

Prest da Bizkaiko Eleizaren mantentzerako IV. kanpaina

Urtarrilaren 18an, domekaz, Bizkaiko parrokietan ekonomia-ardurakidetasuna sustatzeko eleizbarrutiko kanpainaren laugarren ekitaldiari hasiera emongo jako. Oraingoan, ekimena 17 parrokiatan garatuko da aldi berean eta jardunbide bigaz: 10 parrokiatan harpidetzak sustatuko dira eta 7 parrokiatan, domekako diru-batzea. Kanpaina hau maiatzera arte luzatuko da.

Bilboko eleizbarrutiak ekonomia-ardurakidetasunaren aldeko kanpainaren IV. ekitaldia jarriko dau martxan urtarrilaren 18an -domeka-. Pastoral ekimen honi esker, azken urteotan era esanguratsuan gehitu dira eleiztarren ohiko ekarpenak. 

Maiatzera arte, hamazazpi parrokiek parte hartze eraginkorra izango dabe jardunbide bitan banatutako ekimen honetan, izan be, hamar parrokiatan harpidezak sustatuko dira eta zazpitan, domekako diru-batzea indartuko da.

Aurreko kanpainek emaitzek agerian itzi dabe ereduaren baliagarritasuna. 2022an, lehenengo ekitaldian, 13 parrokiatan harpidetzek %23,4 gora egitea lortu zan. Urte bi beranduago, 34 alkartetara zabaldutako proba pilotuak %14 gehitu ebazan ekarpenak eta lehenengo ekitaldiko parrokiek %7ko hazkundeari eutsi eutsoen.

Ikasteak

Jose Joaquin Moral eleizbarrutiko ekonomia arloko boluntario-lanaren koordinatzaileak nabarmendu dauanez, “laugarren ekitaldi hau ez da ekintza isolatua, benetako ardurakidetasunerako bidean emon gura dogun beste urrats bat baino. Arrakasta lekuko konpromisoaren menpe dagoala ikasi dogu, beraz, parte hartzen daben parrokia guztietan nabarmentzen da parrokoaren eta ekonomia arloko boluntarioen konpromisoa”.

Aukeratutako alkarteei dagokienez, Moralek zera zehaztu dau: “Ondorengo parrokiek parte hartzen dabe harpidetzak sustatzeko kanpainan: Algortako Hirukoiztarrak eta San Nikolas; Gernikako Andra Mariaren Zeruratzea; Bermeoko Andra Mariaren Zeruratzea; Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzea; Galdakaoko Andra Mariaren Zeruratzea; Igorreko Andra Mari; Artagan – Begoñako Andra Mari basilika Pastoral Barrutia; Basauriko San Fausto – San Pedro PBa eta Barakaldoko Santa Teresa. Diru-batzeen inguruko jardunbidean beste honeek dagoz: Lemoizeko Andra Mariaren Zeruratzea; Armintzako Santo Tomas; Derioko San Isidro eta San Kritobal; igorreko Andra Mari (bietan parte hartuko dau); Gordexolako San Joan Bateatzailearen Lepogabetzea; Balmasedako San Severino eta Bilboko Agustindarrak”.

Kanpaina hilez hil garatuko da diptiko elebidunez baliatuz. Diptiko bakotxak berariazko izenburua izango dau -“Partaide izatea” da urtarrilekoa- eta lekukotasunen bideora garoazan QR kodea. Eukaristian aurkeztuko da, eskarien ostean eta dirua batu aurretik.

Moralen esanetan, “kontua ez da finantzaketa bakarrik, esker ona eta alkarteko kidetasun-sena bizitzea baino. Ardurakidetasuna, jarrera sinisteduna da”. Parrokia bizitza eta parrokiaren pastoral, misino eta karitate gaitasuna sendotuko dauan eredu jasangarria oinarritzea da ekimenaren helburua. 

Laguntzeko beste era batzuk

Bada parrokiaren, eleizbarrutiaren, seminarioen edo gainerako erakundeen aldeko dohaintza egiteko aukera emoten dauan atari bat be: donoamiglesia 

 Bizum bidez -38094 zenbakia- laguntzeko aukera be badago. 

El primer boletín se centrará en la pertenenencia