Bizkaia Irratiari eskainitako alkarrizketan, Donostiako gotzain erretiratuak “esker ona” adierazo deutse autorpen hau prestatzen diharduen guztiei. Larogeta hamar urtegaz, gorputzak eta buruak “lasaitasuna, bakea eta eguneroko ohiko kontuak” eskatzen badeutsez be, “ilusionatuta” dagoala autortu dau. Bere ustez, egun egokia da bere ibilbidean bidelagun izan dituanakaz egoteko.
Bizkaia Irratiak Fruizetik, On Joan Maria Uriarteren jaioterritik emon dau zuzenean aste honetako ‘Herriz herri’ irratsaioa.Hori dala-eta, Ainhoa Llonak Indautxuko bere bizilekuan alkarrizketatu eban gotzain erretiratua. Arreba hil jakonetik, herrira gitxiago joaten dala esan eutsan gotzainak, baina urtean hainbat bider alkartzen da ilobakaz eta udan igaroten ditu egun batzuk bertan.
Egundoko buru-argitasunaz, bere bizitzako kapitulurik garrantzitsuenen errepasoa egin eban: haurtzaroa, seminarioko aldia, abadegintza, Eleizbarrutian izan dituan erantzukizunak, gotzain laguntzaile eta gotzain izendatu izana…
Bizkaia Irratiari eskainitako alkarrizketa horretan, gotzain erretiratuak azken urteotako bizipenak be gogoratu ebazan, erretiroa hartu eta ondorengoak. “Hamar urtez, makina bat Eleizbarrutitan izan naz berbaldiak emoten eta hainbat liburu idatzi dot”. Eta hori esateaz batera barri fresko-freskoa emon eban: “amaitu barri dot azkena”. Halanda be, ez eban beste zehaztasunik emon.
Reconocimiento en junio
Datorren ekainaren 9an Derion ospatuko dan bazkarirako ezinbestekoa da aurretik lekua gordetea. Antolakuntzak autobusa be eskainiko dau Bilbotik joan-etorrirako eta horretarako be ezinbestekoa da izena emotea.