22-01-2025 Miércoles, II semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 San Anton egunez, bedeinkapenak Urkiolan eta Bilbon
15.01.2025

San Anton egunez, bedeinkapenak Urkiolan eta Bilbon

Datorren barikuz, urtarrilak 17, San Antonio Abataren, animalien zaindariaren eguna ospatuko dogu. Eukaristia ospatuko da Urkiolako santutegian eguerdino 12:00etan, Javier Garai abadea buru dala eta ostean animaliak bedeinkatuko dabez. Arratsaldeko seietan egingo da bedeinkapena Bilboko San Anton eleizaren kanpoaldean.

Felix Morenok Bizkaia Irratian jakitera emon dauanez, Urkiolan datorren barikuz, baserritarren egutegian guztiz garrantzitsua izan dan egunean, bedeinkatuko dira animaliak. Santutegiko arduradunaren esanetan, gauzak aldatu egin dira azken hamarkadan eta, gaur egun, “lagun asko pisuetan bizi diran txakur eta katuak bedeinkatzera etorten da”. Sasoi baten, egun honetan santutegira hurreratzen ziran gehienek “ganadua ekarten eben bedeinkatzera”.

Barikuko ospakizunean, ogi-opiltxoak be bedeinkatuko dabez eta gero eleiztarren artean banatu. Domekaz errepikapeneko meza ospatuko da 12:00etan.

Baserritarren bizitzan sustraituta, denporaldi barriari hasiera emoten deutsan jaia da. San Anton egunaren ostean, Kandelerio ospatuko da otsailaren 2an, San Blas 3an eta Santa Ageda 5ean. Guztietan jaten ziran tostadak eta, era batera edo bestera, guztiak dagoz hurran dan inauteri-zikloaren barruan.

Labayru Fundazioa

Labayru Fundazinoaren etnografia-oharretan azaltzen da San Anton egunaren inguruko ohikunea. Orain dala urte batzuk, azoka garrantzitsua egiten zan Urkiolan: “Antaño, se bendecía también el agua y el aceite, así como los cencerros que se ponían al ganado“. Kandelak eta mezak be eskaintzen ziran, etxeko abereak babesteko.

Askotariko usadioak egozan egun honi lotuta: sua egiten zan bezperan, abereak ketu egiten ziran Gabonetako enborraz, jaki eta abereak bedeinkatu egiten dira…

Gainera, ohikoa izan da egun horretan abereei atseden emotea. Esate baterako, ez zan idirik ataraten ortura, errotetan ez zan garirik ehotzen astoek lanik egin ez eien, eta traturen bat egiten bazan, San Antonek gorde daiala esaten zan.

Izadiari buruzko dokumentalaren lehenengo emonaldia

Labayru Fundazioak bideoa aurkeztu dau, gizakiaren, izadiaren eta lan- eta atseden-aldien edo San Anton bezalako jaien arteko lotura azalduz. 

Besteak beste, Ander Manterola abade, etnografo eta antropologoak parte hartu dau dokumental horretan.

Urtaroen harira, hainbat gai jorratzen da, ahozko lekukotasunetan oinarrituta. Esate baterako, ilargiaren eragina, landareen garrantzia (jaki lez, botika lez edo toponimian daben eraginagaitik, artzaintza, izadiari lotutako jaiak, sisesmenak, aldaketak bizimodu tradizionalean…

Abereen bedeinkazinoa