Itxaropenaren Jubileuaren testuinguruan eta azaroaren 16an ospatuko dan Pobreen Munduko Eguna dala-eta, Bilboko eleizbarrutiak ekimen barritzailea prestau dau 10 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzat: “Itxaropenaren aingura”, jolasa, talde-lana eta gizarte gogoeta batzen dituan “scape room” jokoa.
Ume eta gazeei zuzendutko eleizbarrutiko sailean prestatu dabe jarduera hau Aita Santuak egun honetarako zabaldu dituan mezuak esperientziaren eta jokoaren bidez barruratu daiezan. Partaideak “ameskerien museoan” harrapatuta aurkituko dira, hau da, askotan hutsalak diran ilusino eta itxaropenen munduan, eta bertatik urteteko iraun egiten dauan benetako argiaren sinbolo dan “itxaropenaren aingura” aurkitzea ezinbestekoa da.
Joko bat eta bost erronka kontzientzia egiteko
‘Scape room’ honek 50 minutuko iraupena izango dau eta partaideek ondoz ondoko bost erronkari aurre egin beharko deutse. Desbardintasuna, egiturazko aldaketen premina, giza duintasuna, kaltetuen egitekoa euren historiako egile eta eragile lez, e.a., lako kontzeptuak landuko dabez.
Erronka gainditzeak “saria” -pieza edo berba garrantzitsua- dakar. Jokoaren amaieran, danak batu eta “Itxaropenaren agiria” osotuko da. Lagungarriak -mapak eta barriak, egiazko barriak eta guzurrezkoak, kurutzegramak, mezu ezkutuak…- euskarri digitalean dagoz eskuragarri eta parrokia eta taldeetan erraz garatu daikiez.
Gizarte Jubileoa Pobreen egunaren aurretik
Jokoa egitarau zabalagoaren barruan dago. Azaroaren 15ean, zapatuz, ekitaldi esanguratsua egingo da Pobreen Munduko Egunari lotuta: III. eta VII. bikaritzetako Gizarte Jubileua. GOizeko 10:00etan harrera egingo da San Nikolas eleizaneta ahulezia eta baztarketazko zortzi errealitate ezagutzeko aukera egongo da: askatasunik eza, behartutako bakardadea, adimen-osasuna, desgaitasuna, bake eta adiskidetzea, migrazinoa eta bizileku duina jadestea.
Gero, 11:45etan, otoitzaldia egingo da Santiago katedralean.

Aukera bi, beraz, Pobreen Munduko Egunari lotuta: Gizarte Jubileua eta “Itxaropenaren ainguraren” bilaketa.







