Goizean goiz ekin eutsen lanari Tabira PBko taldeek. Goizeko 10:30etan ospatu eban Pastoral Barrutiko Batzordeak kurtsoko azken saioa, 25 lagun bertan zirala. Pastoral Barrutiko egitasmoaren lanketaren jarraipena egin eben.


Belen Gandarias batzodeko eta gazte pastoraltzarako saileko kideak azaldu dauanez, “prozesuak aurrera egin ahala, gero eta handiagoa da ilusinoa eta itxaropena. Aurrera egiten dihardugu alkar ulertzetik, indarrak batuz eta alkartea sortuz, oinarrian maitasuna eta pertsonen zaintza jarrita, Nazareteko Jesusek erakutsi euskun lez, inklusiboago, biziago eta abegitsuago dan Eleizaren eskutik bide eginez”.
Goizeko jarduerak aurkeztu ziran ondoren: lehenengoa, Urkiolako inguruneaz gozatzea, ermitetan eta kurutze-bidean geldialdiak eginez eta bigarrena, bisita gidatua santutegira Felix Moreno Urkiolako arduradunak gidatuta. Senide bazkaria ospatu zan gero, bakotxak eroandako jakiak mahai gainean jarrita.
Mendekosteko ospakizuna
Egunari amaiera emoteko, Mendekosteko ospakizuna egin zan Urkiolako santutegian. Pastoral Barrutiko abadeakaz batera, Kerman Lopez bikario nagusiak be emon eban alkar-meza. “Ospakizunean, Espiritu Santuaren indarra eskatu zan keinu eta otoitzen bidez eta Pastoral Barrutiaren alde be eskatu zan”.
Mezaren amaieran, bertaratutakoei esker ona adierazo ondoren, “boga, boga” abestia kantatu eben, alkarregaz, danak batera arraun eginez egindako lana gogora ekarriz.
Partaideen eretxiak:
“Topaketa atsegina izan zan, alaia eta adore emon euskun alkartearen eraikuntzan konprometituta jarraitzeko. Eguraldia lagun izan genduan, ingurua ezagutzeko eta egunez egun ikusten ez doguzanak ezagutzeko aukera izan genduan”. Rakel Corcuera, antolakuntza.
“Goizeko jarduerak eta ospakizunaren aurrekoak, adin guztietakoentzat izan ziran. Asmakizun handia. Bazkalostean, giro ona, dibertigarria sortu zan”. Joana Illarramendi, katekista.
“Egun ederra igaro dogu Urkiolan, batasuna eta bizikidetzaz betetakoa. Bakotxa bere alkarte edo taldetik joanda be, gure aniztasunean, bat egin dogu Jesusenganako fedean”. Iker Garitagoitia, Iurretako parrokiako erreferentea.
“Pastoral Barrutiko egitasmoaren eraketan, eskertzekoa da alkarte desbardinetako pertsonen ahotsa entzuteko eta kontuan harteko gogoa: orokorrean, benetan entzun, askotariko ahots eta ikuspuntuak batuz”. Belen Gandarias, gazte pastoraltza.