12-06-2025 Jesucristo, sumo y eterno Sacerdote
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Urteurrena, jaia eta errogatiba Urkiolan
11.06.2025

Urteurrena, jaia eta errogatiba Urkiolan

Datorren barikuz, ekainak 13, Urkiolako alkartean bizi zan Antonio Madinabeitia azken misiolariaren heriotzaren urteurrena ospatuko da. Aurton, Felix Moreno eta bere emazte Kontxik, Abade-etxearen zaindariek gogoan izango dabe bizilagun izan eben Antonio. 

Datorren barikuz, herri erlijiositatea eta kultura batuko dira Urkiolako santutegian eta ingurune natural bikainean. San Antonio eguna dala-eta, goizeko 10:00etatik 13:00era ospatuko dira mezak. Alex Alonso lurralde bikarioa buru dala ospatuko dan Meza Nagusia eguerdiko 12:00etan izango da.

Ospakizunetan, gogoan izango dabe Antonio Madinabeitia misiolaria bere heriotzaren urteurrenean.

https://www.youtube.com/watch?v=588WGU57oh4&t=7s
Felix Moreno, iaz, Antonio Madinabeitiaren ondarea gogoratuz

Azoka

Santutegiaren inguruan, nekazari-produktuak eta abereak batuko dira, 40 ekoizle eta artisaugaz eta 130 abelburugaz, 10:00etatik 15:00ak arte. Askotariko produktuak eskuratu ahal izango dira: gazta, eztia, ogia, ortuariak, frutak, kontserbak, frutu lehorrak eta pateak, besteak beste.

Trikitilariek eta Sustrai Colina eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek girotuko dabe eguna. Azken honeek, 12:00etako Eukaristian be kantatuko dabez bertsoak

San Antonio 2025
San Antonio eguneko 2025eko kartela

Arratiako errogatiba

Ekainaren 14an ospatuko da lehenengo errogatiba, Arratialdekoa. Oraintsu arte, Aramaiok emoten eutsan hasiera denporaldiari.

Errogatibak goizeko 6:00etan urtengo du Dimatik eta 7:30etan Zeanuritik. Mezea, Xabier Eskauriatza buru dala, goizeko 11etan izango da.

Errepikapena

Ekainaren 15ean, domekaz, errepikapena izango da, barikuko egitarauaren antzekoagaz: baserriko produktuen azoka eta mezak 10:00etan eta 12:00etan.

Herri kirolen erakustaldia be izango da: Malen Barrenetxea, Nerea Arruti, Hodei Ezpeleta eta Bihurri aizkolariak; Sara Asenjo harrijasotzailea, ingudea altxatzen eta txingak eroaten ibilten dan Ainhoa Larrinoa, Iparraldeko jokoak Karlos Aretxabaletaren eskutik. Arratsaldez, erromeria izango da Aiko taldeagaz.

Abadiñoko Udalak, Urkiola Landa-eremuaren garapenerako alkarteak, Urkiolako santutegiak eta BBK erakundeak babestu dabe jaialdiaren antolaketa.

Autobusak doan

Urkiolara joatea errazteko, Bizkaiko Foru Aldundiak autobusak jarriko ditu doan ekainaren 13 eta 15ean. Zelaietan (autobus-geltokia) atarako dira 9:00, 10:00 eta 11:00etan, eta Traña-Matienan (eskolen aurrean) geldialdia egingo dabe. Bueltako autobusak 17:00etan eta 18:00etan atarako dira.