19-11-2024 Martes, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 75. urteurrena 5 Xabi Aburruzagak zapatuz estreinatuko dau urteurrenerako konposatutako abestia
24.09.2024

Xabi Aburruzagak zapatuz estreinatuko dau urteurrenerako konposatutako abestia

Datorren zapatuz, irailak 28, Derion ospatuko dan kurtso hasierako ekitaldi nagusian, Xabi Aburruzaga trikitilariak zuzenean aurkeztuko dau 75. urteurrenerako sortu dauan abestia. Bizkaia Irratia eta Radio Popular-Herri Irratia hedabidetan eskainitako alkarrizketetan agertu dauanez, musikaria pozik dago azken emaitzagaz, "itxaropen guztiak gainditu dituan talde-lana izan da-eta". Naiara Trifol eta Ainhoa Zuluetak esku-hartu dabe "Geroa marraztu - Dibujando el futuro" goiburua  dauan kantuan. Begoñazpi ikastolako ikasle batzuen ahotsak eta Gospel Bilbao taldekoenak bat egin dabe aurreko abeslari bienakaz. 

Bizkaiko Eleizak kurtsoari eta urteurreneko ekitaldiei hasiera emoteko egingo dauan ekitaldi ofizialean, Portugaleteko Aburruzaga musikari eta musikagileak zuzenean aurkeztuko dau Bilboko Eleizbarrutiaren sorreraren 75. urteurrenerako konposatutako abestia.

Trikitilariagaz batera, Naiara Trifol eta Ainhoa Zulueta abeslariak izango dira eszenatokian eta bigarrenak beren-beregi egun horretarako idatzi dauan rapa kantatuko dau. Javier Onaindia Eleizbarrutiko irratietako zuzendariarena da euskerazko letra. Beronek eta Olatz Hilariok aurkeztuko dabe zapatuko ekitaldia.

Hlabete luzez landu izan dabe abestia. Musikagilearen esanetan, lana proposatu eutsenean, “erronka polit”  bezala hartu eban, lagun askoren parte-hartzea eragin nahi zalako. Holan, ‘Geroa marraztu’ abestiaren ahotsak, Begoñazpi ikastolako koruko ahotsak eta Gospel Bilbao taldeko ahotsak batu dira koruan.

Gospel Bilbao, abestia grabatzen

Zabierrek hilabete bi emon ditu abestia sortzen eta ekoizten Zamudion dauan estudioan. Bere esanetan, “pribilegioa eta erronka izan da”. “Esker oneko” agertu da, gainera, Eleizbarrutiak kontuan izan daualako abentura honetarako. Izan be, abestian parte hartu daben lagun gehienak Eleizbarrutiko historiako kide izan dira edo dira. Xabi Aburruzaga bera be Somorrostro ikastegiko ikasle izan zan, Naiara Trifol abeslaria Irakasleen Unibertsitate Eskolako ikasle da eta Ainhoa Zulueta Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuko Ezker-Meatzaldeko koordinatzailea. 

Estreinaldia, ‘Goazen’ ekitaldian

Aburruzagak talde-lan honetan parte hartu dabenen “ahalegin eta ardura” nabarmendu dau. Bere esanetan, itxaropenak gainditu egin dira eta “azken emaitza nik uste nebana baino harago” joan da. Orain, jentearen erantzuna ikustea falta da: “atseginez eta maitasunez egin dogu eta danei gustatzea nahiko geunke”.

Musikagileak urteurreneko ospakizunean transmititu gura dauana jaso gura izan dau abestian, danei gustatzeko moduko kantua eginez. Txalaparta, trikitixa, rapa eta gospela nahastatzen dira. 

Bere esanetan, “kantu modernoa da, atsegina, entzuteko erraza eta, batez be, baikorra”.

Gaur egun, Xabi Aburruzagak zazpigarren diskoa grabatzen dihardu. Urte bi eta erdi daroaz hori lantzen eta urtearen amaieran, hain zuzen be, Durangoko Azokan, plazaratuko dau. Beste artista batzuek be esku-hartu dabe bere diskoan eta azaroan Argentina eta Estatu Batuetara joango da.

Xabi Aburruzaga en un momento de la grabación en el estudio de Zamudio