Zapatutik aurrera, abade barria izango da Bilboko eleizbarrutian. Ordenazinoa Gueñesen izango da eta ez katedralean, azken urteetan ohikoa izan danez. Abdon Rodriguez Hervasek lurraldean bertan, azken aldian zerbitzatu izan dituan alkarteetatik hurran, ospatu gura dau egun berezi hau.
Jaénetik Bizkaira
Bdon Chiclana de Seguran (Jaén) jaio zan 1970ean. Lau anai-arreben artean gazteena da. Umetan akolito izan zan eta parrokiako koruan parte hartzen eban. Nerabezaroan, Eleizatik aldendu egin zan. Ikasketak egin eta gizarte-hezitzaile lez jardun eban Diagrama fundazinoan, administrazinoaren tutoretzapean egozan gazteen burujabetzerako egitasmoetan. Orduan, hartu-emona izan eban arlo honeetan jarduten daben fraileakaz eta “fedearen inguruan galderak egiten hasi nintzan”. Azkenean, 2005ean, fraile-bizitza aukeratu eban eta zistertar egin zan.
2018tik 2021era Ziortzako alkartean bizi izan zan. Pandemian bere gurasoak hil ziran.
Priore Kordoban
2021ean, Kordobako “Santa Maria de las Escolanías” monasteriora bialdu eben. “Osasun-arazoek eragindako” aldi korapilatsuaren ostean, Kataluniako ermita batera erretiratu zan. Beranduago, Gonzalo Eguia diakonoak aholkatuta, Bizkaira bueltatzea erabaki eban, aurretik “oso gustura egon nintzalako bertan”. On Joseba Segura gotzainak animatuta, beste aldi bati ekin eutsan Garbealde eta Alen Pasteoral Barrutietako hainbat parrokiatan pastoral arreta eskainiz.
Abadegintza Gueñesen
Abadegintza urteotan abegi egin deutsan alkartean izango da: “Eurakaz ospatu gura dot niretzat hain berezia dan egun hau”. Andaluziako lagunek be ez dabe huts egingo, eleizkizunean izango dirala baieztatu dabe-eta.