Gaurtik hasita 45. Lekeitioko Zine bilera. 20 pelikula lehiatuko dira Urrezko Antzarraren bila. Euskara hutsean egiten dan jaialdi bakarraren sortzailea Benito Ansola abadea izan zan. Gaur, berari buruzko dokumentalak zabalduko dau sail ofizialeko lehiaketea. Filma barriaren izenburua `Maitasunaren indarrez´ da eta zuzendariak Naia Muñoz, Jose Julian Bakedano eta Josi Sierra dira.
Aurkeztutako lan guztien artean bakarrik dozena bi izan dira Sail Ofizialeko Lehiaketara heltzea lortu dabenak, aurre-aukeraketa prozesua gaindituz. Zuzendari ospetsuak eta amateurrak, genero eta ikuspegi ezberdinetako lanak, fikzinoak eta dokumentalak. Denetarik izango da Sail Ofizialeko Lehiaketan. Antolatzaileen esanetan, «azken urteetako maila handienetakoa» dago.
Filmaren Laburpena
Maitasunaren indarrak Benito Ansolaren bizitzan eragin handia euki dau. 1928 urtean Lekeition jaio zanetik gaur egunerarte horixe izan da bere indarbidea. Jaungoikoaganako maitasuna da berak guztiaren ganetik jartzen dauana.
94 urte eta gero, Bilbon, Gerra Zibiletik babesteko etorri zan herriburuan eta zinezaletasuna sortu jakon lekuan, bere bizitzako esperientzia eta ikasitakoak kontatzen dauz gaur estreinetan dan pelikulan.
Goi mailako epai-mahaia
Getari Etxegarai. Aktorea eta zuzendaria. Azken aldiko lan esanguratsuenen artean, Kepa Errastiren “Mami Lebrun”, “Lur” edo “Fadoak entzuten zituen gizona” antzezlanetan zuzendari gisa aritu izan dana.
Paul Urkijo. Zine zuzendaria. Fikzinozko eta animazinozko film laburrak egiten hasi eta 2016an “Errementari” film luzea ekoiztu eta zuzendu eban. Bere filmak estatuko zein nazioarteko hainbat sari irabazi dabez eta mundu osoko jaialdietan ikusi ahal izan dira.
Izaskun Urkijo. Arkitekto eta arte zuzendaria. Zineman, arte zuzendari modura ibilitakoa “Gure Oroitzapenak”, “Nora”, “Ane”, “Errementari”, “Subandila”, “Anti” edo “Irati” filmeetan.
Omenaldia Benito Ansolari
Euskal Zine Bilerak bere sortzaile den Benito Ansola Erkiaga omenduko dau ekitaldi berezian zapatuan
45. Euskal Zine Bilera ospatuko da aurton eta, jakina, urte guzti honeetan jaialdiak eboluzino handia izan dau. Euskal Zine Bileraren sortzailea eta euskarazko zinemaren sustatzaile handietako bat da Ansola abadea eta bera omenduko da zapatu goizean, 11etatik aurrera.
Benito Ansolaren ibilbidea errepasateko aukerea egongo da. Solasaldian zehar Euskal Zine Bileraren sustraietatik gaur egunera bidaiatuko da, antolatzaileek azalpenean dinoenez. Eta ez hori bakarrik, Traola produkzioak-en laguntzarekin Benito Ansolak egindako azken filmaren estreinaldia ikusiko da.
94 urte bete dituen zuzendariak orain urte gitxi batzuk egiten hasitako pelikularen emaitza erakutsiko da. Aittitta Makurra izenez, filmak heriotzaz eta bizitzaz hitz egiten dauen kondaira baten kontakizuna azaltzen dau. Ikusgarri zine aretoa beraz, Benito Ansola Erkiagaren azken lanaren testigu izango da.