22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Begoñako Amatxuren itsas prozesinoa abuztuaren 14an ospatuko da
01.08.2023

Begoñako Amatxuren itsas prozesinoa abuztuaren 14an ospatuko da

Begoñako kofradiak Begoñako Andra Mari erromesaren prozesinoa egingo dau itsasadarrean: "Santurtzetik Bilbora". Prozesinoaren hirugarren ekitaldia izango da eta, aurrerantzean, beti egingo da abuztuaren 14an.

Begoñako kofradiatik azaldu dabenez, On Joseba Segura Bilboko gotzainak, beti egun horretan ospatzea egokitzat jota, aditzera emonda hartu zan abuztuaren 14an prozesinoa egiteko erabakia. Izan be, abuztuaren 15ean, Andra Mariaren Zeruratzearen eguna ospatzen da, jai herrikoia, Begoñako Amatxuri bisita egite aldera, Bizkaiko herri guztietako milaka lagun erakartzen dituana. Bilboko gotzainak ezagutzen dau itsas prozesinoa, itsasontzian joan zan-eta 2019an, pandemiaren aurretik ospatu zan lehenengo ekitaldian. 

Egun bat behin betiko jarteak mareen arazoa dakar, izan be, “itsasadarra barriro dragatu arte, ertzetan pilatutako lokatzak ontziei ibaiertzera hurreratzea galarazoten deutse itsasbeera danean. Ondorioz, prozesinoaren ordutegia aldatu beharra izango da urteko marearen arabera”.

Begoñako Amatxuren itsas prozesinoa
Aurreko ekitaldi bat

Begoñako kofradiak dei egin deutse itsasontzi-jabeei prozesinoan parte hartu daien. Ekitaldiagaz bat egiteko asmoa dabenez, jakinarazo egin behar dabe, 688 681 495 telefonora deituz, ezinbesteko segurtasun-neurriak hartzeko. Parte hartu daian itsasontzi bakotxari, Begoñako Amatxuren irudia dauan 2,95 metroko bandera oparituko jake (amaitu arte banatuko dira). 

Marinel-kolorez, hau da alkandora edo blusa zurie eta praka edo gona urdinaz, jantzita joatea eskatzen da.