22-11-2024 Viernes, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Kultura 5 San Anton egunez, abere eta jakien bedeinkapena
16.01.2024

San Anton egunez, abere eta jakien bedeinkapena

Urtarrilaren 17an, San Anton Abataren egunez, ohikoa danez, bihar barriro egingo dan ohikunearen bidez, babesa eskatuko da abereentzat eta bedeinkatuko diran jakiak hartuko dabezanentzat. Vaskoniako Atlas Etnografikoan jasoten danez, kristautasunaren aurreko ohikunea da eta oraindik hainbat lurraldetan egiten da. Bizkaian, Urkiolako santutegian eta Bilboko San Anton eleizan eusten deutse ohitura honi. Abadiñoko portuan, San Antonio Padukoa eta San Antonio Abata dagozan lekuan, eguerdiko 12:00etan ospatuko da Eukaristia, Alex Alonso lurralde bikarioa buru dala. Eleizkizunean, gero kanpoan banatuko diran opiltxoak bedeinkatuko dira eta meza ostean, kanpoan bedeinkatuko dira abereak. Bilbon, bedeinkapena 18:00etan egingo da San Anton eleizpean.

Kroniketan jasoten danez, oraintsu arte, San Anton egunez, herriko eleizaren aurrean edo santuaren izenpeko diran ermiten aurrean batzen ebezan ganaduak. Zenbait herritan, idi eta behiak apaindu egiten ebezan eta jabeek hiru buelta emoten ebezan leku santuaren inguruan. Meza amaitu ondoren, abadea solora ataraten zan eta abereak ur bedeinkatuaz txipriztintzen ebazan.

Aldatu egin dira sasoiak eta Euskal Herriko lurralde guztietan ohikoa zan jardunbide hau galdu egin da edo eraldatu eta egoera barrietara egokitu, Vaskoniako abelzaintza eta artzaintzari eskainitako Bizkaiko Atlas Ernografikoan jasoten danez.

Ganaduaren bedeinkapena Bizkaian

Ohiturari Bilbon eta Abadinon (Urkiola) bakarrik eusten badeutse be -Elorrio, Triano, Urduliz, Zeanuri, Bakio, Bermeo..-, beste hainbat lekutan be era berezian ospatzen zan egun hau.

Elorrion, jaiegunean, ohikoa zan ganadua Urkizuaraneko San Anton ermitaren aurrera eroatea, abadeak bedeinkatu eian. San Anton Ermandadeak mezak eskaintzen ebazan egun horretan abereen osasunaren alde.

Trianon, eleiz ateraino edo hermandadearen hurrako soloraino eroaten zan ganadua, bedeinkatzeko eta «para que no se malhadase».

Urdulizen, urtarrilaren 18an, San Antontxu egunez, herriko jaiak ospatzen ziran. Antxina, baserritarrak txilinez apaindutako ganaduagaz (behiak, txahalak, astoa) joaten ziran Elortza auzora eta hemen bedeinkatu egiten ebezan. Eleizatik eroandako ur bedeinkatuaz txipriztintzen ziran etxean itzitako abereak (txahal gazteak eta beste batzuk).

Zeanurin, XX. gizaldiaren lehenengo hamarkadetan, San Anton egunez meza nagusi abestua ospatzen zan parrokian, goizean goiz. Jaiegun honen inguruan, abadeak baserriz baserri joaten ziran kortetan egozan abereak bedeinkatuz.

Bizkaiko beste hainbat lekutan, abereak ermita jakin batzuetara eroaten ebezan han bedeinkazinoa hartu eien. Esate baterako Bakioko Santa Katalina ermitan eta Alboniga-Bermeoko Karmeneko Ama eleizan egiten eben hori.

Bedeinkapenak Urkiolan 2019an

Jakien bedeinkapena

Abereengana bedeinkazinoa, eta honen bitartez santuaren babesa, iristeko era bat santuaren irudiaren aurrean abereei emongo jakezan jakian bedeinkatzeazan. Bedeinkatutako alea aletegian egoanaz nahastatu eta jaki guztia bedeinkatutzat joten zan.

Urkiolako San Antonio santutegian, gaur egun be bedeinkatzen da San Antonioren ogia. Santutegian bertan ur bedeinkatuaz bustitako ogia emoten jakon ganaduari eta senideen artean banatzen zan. Sasoi batean, ura eta olioa be bedeinkatzen ebezan sendatzeko eta babesteko oinarrizko osagaitzat hartuta.

Ogien bedeinkazinoa Urkiolan
Ogien bedeinkazinoa Urkiolan
Abereen bedeinkazinoa