Gutierrez Amesti Sodupen jaio zan 1931.eko azaroaren 30ean eta 1959.eko ekainaren 28an egin zan abade. 1959tik 1966ra ekonomo izan zan Pobeñan eta arduradun Muskizen, Arangureneko ekonomo izendatu eben arte. Hemen emon eban bizitzaren zatirik handiena abade lez jardunez. 1989tik 2006an erretiroa hartu eban arte, Sanfuentesko parrokia administratzaile izan zan.
Pobeñan lehenengo, eta handik urte batzuetara Sanfuentesen beragaz hartu-emon handi izan eban sendi batek etxeko lez gogoratzen dau. “Lehen begiratuan, serioa emoten eban, baina konfiantza hartzen ebanean, lagunartekoa eta maitekorra zan eta oso gustuko eban umeakaz jolastea, pazientzia handia eukan”. Lagunakaz kartetara jokatzea, ehizan ibiltea eta mendira perretxikutara joatea gustatzen jakon besteak beste.
Familiartekoa zan, arrebakaz -bost ziran eta bat hilda dago- eta lobakaz.
Elias Lopezek 1966an ezagutu eban, Jose Luis Arangureneta heldu zanean. “Berak ezkondu ginduzan eta hartu-emon estua izan genduan urteetan”. Eliasen emaztea begiralea zan eta alkarregaz arduratu ziran kanpamentu eta hainbat jarduerez. Nortasun handiko gizona zala dino eta bat dator “serioa emoten eban, baina oso hurkoa zan” esan daben beste batzukaz.
Eliasek nabarmendu dauanez, “beti zan atsegingarria eeragaz egotea. Laguntzen ebana ulertzeko gauza zan eta oso adeitsua”. Erlejinoaren arloan, “irmoa zan, ideia finkoak ebazan”. Gertu egoan gazteengandik, katekesi, eskaut eta sendotza taldeetatik. “Aitzindaria izan zan; orain dala urte asko, kanpamentura joaten ginanean, beti izten eban norbait hitzaren ospakizuna egiteko”.
“Parrokiako gizona” zala dino, arduratu egiten zala jentea parrokian gustura egon eiten eta, esate baterako, neguan hotz handia egiten ebanean, jenteak ez eban hotzik izaten eleizan, bere baliabideak parrokiaren esanetara jarten ebazalako eta, behar izan ezkero, bere poltsikotik ordaintzen ebalako berogailua.
Carmentxu Martinez Arangureneko eleiztarrak be hartu-emon estua izan eban Jose Luisegaz herrian egon zanean. Katekesian laguntzen hasi zan eta, azkenean, danetik egiten eban. Udan, Liendon egiten ebezan kanpamentuetan, behar zan guztian laguntzen eben. Bere esanetan, “gizon atsegiana zan, bikaina. Asko lagundu eustan. Erraz ekiten eutsan jenteagazko hartu-emonari eta gustuko eban danakaz berba egitea”.
Goian bego!