Gaur egingo dira ‘Bizkaia isilik’ bilkurak, 19:30etan, ohiko lekuetan: Bilbon, Arriaga plazan; Portugaleten, Gregorio Uzkiano kalean; Barakaldon, Bide Onera plazan; Galdakaon, Iturriondo plazan; Durangon, Andra Mari eleizpean; Balmasedan, San Severino plazan; Getxon, Telletxe plazan (metroaren ondoan) eta Zornotzan, Herriko plazan.
Itxaropena
Maiatzeko bilkuran, itxaropena agertu gura dabe, beste behin be, eta mundu zuzenagoaren aldeko borrokan berretsi. “Gure mugak zeharkatzeko saiakeran biktima bihurtu diran pertsonei gure babesa erakutsi gura deutsegu, Europako hegoaldeko mugan zoritxar honek okerrera egin dauala salatzeaz batera”.
Migrazinoetarako Nazinoarteko Erakundearen datuen arabera, 2024an, orain arte, 1.037 etorkin hil dira Mediterraneoa, munduko hobi komunik handiena, zeharkatzeko saiakeran.
Bilkuren eragileen esanetan, “maiatzeko bilkuran, askotariko bereizkeriak jasaten dabezan etorkinenganako aurreretxi eta estereotipoei buruz hausnartuko dogu. Orokortzeak, ideia sinplista eta argudio bakoak geldiarazo egin gura doguz, indarkeriak sustatzeko eta bizikidetza eragozteko baino ez dabe-eta balio. Alkar ezagutzea, alkartzea, enpatia, alkarrizketa eta entzutea bitarteko oso baliotsuak dira aurreretxiei aurre egiteko eta barririk eza edo barri maltzurrak aurrez aurre jarteko. Etorkinek borrokarako, inguru barrira moldatzeko gaitasunaren, gure gizarteari egiten deutsen ekarpenaren balioa nabarmendu gura dogu eta jasaten dabezan behin-behinekotasuna eta indarkeria salatu. Etorkinak baztertuko ez dituan eta euren eskubideez baliatzea galarazoko ez deutsen atzerritarren legea eskatzen dogu”.
Ekaineko bilkura isila hilaren 26an izango da.