12-06-2024 Miércoles, X semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Alberto Cardoso Aita Mari ontziko boluntarioaren berbaldia ‘Bizkaia isilik’ bilkuraren aurretik
29.05.2024

Alberto Cardoso Aita Mari ontziko boluntarioaren berbaldia ‘Bizkaia isilik’ bilkuraren aurretik

Hilaren azken eguaztena izanda, gaur arratsaldez, ohikoa danez 19:30etan, 'Bizkaia isilik' bilkurak ospatuko dira. Oraingoan, aurretik, 18:00etan, Alberto Cardoso "Aita Mari" itsas-salbamendu humanitariorako ontziko boluntarioak "giza eskubideen hondoratzea" berbaldia eskainiko dau 'Burtsa' eraikinean (Ganbara aretoa). Susana Cuesta Caritas Bizkaia erakundeko kideak jardungo dau moderatzaile-lanetan. Berbaldia amaitzeaz batera, gura dabenek Arriaga antzokiaren kanpoaldean egingo dan bilkura isilean parte hartu leikie.

Gaur egingo dira ‘Bizkaia isilik’ bilkurak, 19:30etan, ohiko lekuetan: Bilbon, Arriaga plazan; Portugaleten, Gregorio Uzkiano kalean; Barakaldon, Bide Onera plazan; Galdakaon, Iturriondo plazan; Durangon, Andra Mari eleizpean; Balmasedan, San Severino plazan; Getxon, Telletxe plazan (metroaren ondoan) eta Zornotzan, Herriko plazan.

Itxaropena

Maiatzeko bilkuran, itxaropena agertu gura dabe, beste behin be, eta mundu zuzenagoaren aldeko borrokan berretsi. “Gure mugak zeharkatzeko saiakeran biktima bihurtu diran pertsonei gure babesa erakutsi gura deutsegu, Europako hegoaldeko mugan zoritxar honek okerrera egin dauala salatzeaz batera”.

Migrazinoetarako Nazinoarteko Erakundearen datuen arabera, 2024an, orain arte, 1.037 etorkin hil dira Mediterraneoa, munduko hobi komunik handiena, zeharkatzeko saiakeran.

Bilkuren eragileen esanetan, “maiatzeko bilkuran, askotariko bereizkeriak jasaten dabezan etorkinenganako aurreretxi eta estereotipoei buruz hausnartuko dogu. Orokortzeak, ideia sinplista eta argudio bakoak geldiarazo egin gura doguz, indarkeriak sustatzeko eta bizikidetza eragozteko baino ez dabe-eta balio. Alkar ezagutzea, alkartzea, enpatia, alkarrizketa eta entzutea bitarteko oso baliotsuak dira aurreretxiei aurre egiteko eta barririk eza edo barri maltzurrak aurrez aurre jarteko. Etorkinek borrokarako, inguru barrira moldatzeko gaitasunaren, gure gizarteari egiten deutsen ekarpenaren balioa nabarmendu gura dogu eta jasaten dabezan behin-behinekotasuna eta indarkeria salatu. Etorkinak baztertuko ez dituan eta euren eskubideez baliatzea galarazoko ez deutsen atzerritarren legea eskatzen dogu”.

Ekaineko bilkura isila hilaren 26an izango da.