Hasieratik, Mañes galdara-lantegia pertsona egokiez eta bezeroei arreta egokia eskaintzeko makinez eta azaleraz hornitu izan da. Galdaragintza ertain-astunean aritzen dira, askotariko arloetako enpresei -paper-industria, siderometalurgikoa, ekipo-ondasunak, ur- eta hondakin-tratamendua, industria kimikoa, petrolio-industria, aeronautikoa eta eolikoa- zerbitzua eskainiz.
Mañes galdara-lantegia, SM saritzean, epaimahaiak familian sortutako enpresa bat baloratu dau era berezian. Familia lantegi honek 50 urte bete ditu eta Enkarterriko enpresa-garapenaren aldeko konpromisoa erakutsi dau. Kontuan izan dau, gainera, “enpresa eredugarria dana, erreferentzia, Euskadin behar-beharrezko dan belaunaldien arteko erreleboan. Belaunaldien arteko erreleboa, funtsezkoa da enpresen bizitza-luzera eta arrakastarako, trantsizino naturala bermatzen daualako, kulturaren eta balioen iraupena dakar eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko ezinbesteko egokitzapen eta barrikuntza ahalbideratzen ditu”.
Aukerak arakatuz
Eneko Izquierdo Ariño DOT S. Coop. enpresaren sortzaileetako bat eta zuzendari exekutiboak eskaini eban ekitaldiko berbaldi nagusia: “Enkarterrin aukerak arakatuz gizarte barrikuntzaren ikuspuntutik”. Elixabete Etxanobe Bizkaiko Diputatu Nagusiak emon eutsan amaiera ekitaldiari. Robert Mendoza biolin-jotzaileak girotu eban saioa eta Nagore Orella (Radio Popular-Herri Irratia, Enkarterrialde) izan zan aurkezlea.