Margarita eta Lidie Tourseko San Martin parrokiako misino-taldeagaz, Begoñako azokaz arduratzen dan taldeagaz, Misinoetarako Ordezkaritzako kideakaz eta Mufungaren Adiskideak Fundazinoko kideakaz batu ziran atzo -eguaztena-. Solasean jardun eben eurakaz Abandoko San Bizente Martiria parrokiako lokaletan, askotariko barriak emonez. Amaieran esan ebenez, “honako batzarrei esker, zuzeneko barriak jasoten doguz eta euskal misiolarien 1964an lehenengo aldiz bisitatu ebezan misino haren aldeko konpromisoa sendotzeko aukera dira”.
Lubumbashin hainbat urte eta Kansenian urtebete emon ondoren, Margarita venezuelar misiolaria bere herrialdera itzuliko da datozan egunetan. Lidiek 16 urte daroaz Kansenian, erizaina da eta misino haretako ospitaleko zuzendaria da. Ospitaleak, gaixoen ekarpenagaz egiten dau aurrera.
Bilboko gotzaina Kongoko Errepublika Demokratikoan
Joan dan udan, On Joseba Segura Bilboko gotzainak Kongoko Errepublika Demokratikoa bisitatu eban eta monja bi honeek ezagutu ebazan. Hamabi egunez, herrialde zabal ha -Afrika osoko bigarren handiena- zeharkatu eban Iñigo Iriarte Mufungaren Adiskideak Fundazinoko kideagaz eta Sor Margarita Roblesegaz. Lidie ospitalera egin eban bisitan ezagutu eban.
Zerbitzu eta maitasunezko bokazinoa
Esperientziaren ostean, Margaritak bere zirrarak agertu ebazan:
“On Joseba Segura eta Iñigo Iriarte iristean hasi zan gure abentura. Jakizue, hemen, Afrikan, gotzain bat “kalean bertan” ikustea, oso arraroa da. Bidean aurkitu genduzan lagun guztiek sekula ikusi eta bizi bako zerbait ikusi eta bizi ebela uste dabelakoan nago.
Euskal misiolarien egitekoa, Jesusena lez, pobreen artean pobreenak lehenestea da. Horreek, euren kabuz, ez dabe sekula izan, ezta izango be, euren herrixketatik atara eta fedea, heziketa, osasuna jadesteko aukerarik, ezta burua zabaldu eta gitxi batzuen zapalketa kritikatzeko argudiorik be.
Izan ginan leku guztietan esan euskuen urrinetik etorritako misiolari horreek, erosotasuna atzean itzi eta zerbitzu eta maitasunezko bokazinoaz etorri zirala hona, egundoko arrastoa itzi ebela eta euren ekarpenak bizirik dirauala eurak etxera edo betiko bizilekura joan ziraenean. Mostaza-ale txikiagaz gertatzen dan lez, gaur egun, zuhaitz mardula da eta frutu handiak emoten ditu”.
Sor Margarita Robles