16.08.2026

Hitzordua Enkarterriko deiadar-mendian San Roke eguna dala-eta

Abuztuaren 16an, San Roke eguna ospatuko da Bizkaiko hainbat herritan. Ospakizun guztien artean, bada bat, berezia eta historikoa, hain zuzen be Enkarterriren bihotzean dagoan Kolitza mendian egiten dana. 

874 metrotara egingo dan ospakizunean, herri debozinoa, oroimen histrikoa eta mendizaletasuna buztartuko dira. Gaurko erromeria, beraz, hitzordu berezia da Enkarterriko biztanleentzat.

Tenpluaren barrualdea

Begiratoki natural historikoa

Kolitza Enkarterriko gailurrik entzutetsuenetakoa da eta Bizkaiko ederrenetakoa. Gainera, gailurretik Balmasedaren eta inguruko bailaren gaineko 360 graduko panoramika lortzen da. Ikuspegi honi esker, deiadar-mendi bihurtu zan. 

Kirolari asko igoten da Kolitzaren gailurrera

Kolitzagaz batera, deiadar-mendi dira beste honeek: Ganekogorta, Gorbea, Oiz eta Sollube. Bizkaiko Jaurerri zaharreko merindade bakotxak berea eban eta mendi horretatik adarra joten eben soinu eta argien bitartez Jaurerriko Batzar Nagusietara deitzeko. Gorbeian egiten zan lehenengo deia eta ondoren besteek erantzuten eben. Holan, herrietan deia entzuten zanean, jenteak baekian ilargi-aldaketa gertatzean batzarra egingo zana. 

Ermita historikoa

Gailurrean, San Sebastian eta San Roke ermita dago, seguruenik XIV. gizaldikoa. Tenplu erromanikotzat jo izan da, baina aurrealdeak zehatzako aztertu ondoren, Bizkaiko lehen gotikokoa da, adituen arabera. Gizaldiak joan, gizaldiak etorri, hainbat aldaketa eta berreraikuntza egin da bertan.

Jatorrian, ermita San Sebastian eta San Fabianen izenpeko zan. XVI. gizaldian eskualdean jasan ebezan izurriteen ostean sartu zan San Rokerenganako debozinoa. Santu hau bere ondasun guztiak pobreenen artean banatu ebazan eta bere bizitza izurritearen biktimak zaintzen emon eban frantses noblea izan zan. Azkenean, izurriteak jota hil zan bera be eta aurrerantzean jenteak berari erregutzen eutson izurriteetatik babesteko. 

Jaia

Ohikoa danez, San Rokeren omenezko meza eguerdiko hamabietan ospatuko da Kolitza mendian. Gainera, eleizkizunen ostean, bertara hurreratutako mendizaleek torto eta txakoliaz gozatzeko aukera izango dabe, Enkarterrin fedea, mendia eta oroimena lotzen dituan ekitaldiari amaiera bikaina emonez. 


Vista de la ermita en el monte Kolitza

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: Enkarterri, Kolitza