Egun honeetan, View arkitektura eta Ondare Babesako taldeak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Saileko teknikariekin batera, aldez aurreko hainbat lan egin ditu eraikina dokumentatzeko, zorupea aztertzeko eta esku-hartzean eraikinaren bilakaeraren jarraipena egitea ahalbidetuko daben sistemak prestatzeko.
Egiten ari diran jardueren artean, basilikaren funtzionamenduan eraginik izan barik, honako honeek dagoz: 3D eskaneatzea, erreferentzia-puntu finkoak jartzea, georradar bidezko azterketa eta sentsore-sistema bat instalatzea. Jarduera horreei esker, informazino eta berme gehiagorekin hasi ahal izango da indusketa, eta, esku-hartzeak irauten dauen bitartean, eraikinaren etengabeko jarraipena egin ahal izango da.

Basilikaren barrualdeko 3D eskaneatzea
Egin den jardueretako bat basilikaren barrualdearen 3D eskaneatzea izan da. Sistema horri esker, eraikinaren 3D irudi oso zehatza marraztu ahal izan da, eta zoruak, hormak, pilareak, gangak, sabaiak eta beste elementu batzuk erregistratu ahal izan dira lan arkeologikoak hasi aurretik.
Irudi digital hori oinarritzat erabiliko da indusketan dokumentatzen diran aurkikuntzak jasoteko, lan-eremuak hobeto antolatzeko eta behar diran babesak basilikaren benetako formara egokitzeko.
Erreferentzia-puntu finkoak
Erreferentzia-puntu finkoak be jarri dira basilikaren barruan. Horreei esker, indusketaren fase desberdinetan, neurriak zehaztasunez hartu ahal izango dira, eta agertu daitekezan hondakinak edo egiturak behar diran modura kokatu.

Georradar bidezko azterketa
Bestalde, georradar bidezko azterketa bat egin da tenpluaren barruko azalera erabilgarri osoan eta kanpoaldearen zati batean. Teknika horri esker, zorupea miatu daiteke zangarik zabaldu barik eta zoladura altxatu barik, eta lurzoruaren azpian aldaketak hauteman daitekez. Era horretara, egiturak, baoak edo beste elementu batzuk egon dagozan jakin daiteke.
Georradarrak basilikaren azpian egon daitekenaren lehen irudia eskaintzen dau. Hain zuzen be, hilobiak, hormak edo interes arkeologikoa daben bestelako egiturak. Informazino hori lagungarria izango da indusketa-eremuak definitzeko eta lanak berme handiagoz planifikatzeko.
Sentsore-sistema
Azkenik, sentsore-sistema bat jarri da basilikako hainbat puntutan, indusketa osoan kontrolatzeko eraikinaren elementu sentikorretan –hain zuzen be, hormetan eta gangetan– mugimendurik edo aldaketarik gertatzen dan.
Sentsoreek etengabe hartuko dabez datuak, eta egituraren bilakaera denbora errealean jarraitzeko aukera emongo dabe. Era horretara, talde teknikoak arreta behar dauen edozein aldaketa hauteman ahal izango dau, eta basilikak zelan erantzuten dauen egiaztatu ahal izango dau lanek aurrera egin ahala.

Esku-hartze horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak beste urrats bat egingo dau lurraldeko ondare historikoaren ikerketarekin, kontserbazinoarekin eta zabalkundearekin dauen konpromisoan. Begoña / Vecunia proiektuak. Proiektu hau Begoñako Basilikarekin egindako hitzarmenaren bidez garatu da, aukera emongo dau iraganera begiratu eta Bilbo eta Bizkairako bereziki esanguratsua dan enklabe baten historia hobeto ezagutzeko, eta ezagutza hori herritarrekin partekatzeko.







