08.09.2026

Erronka eta egitasmo barriak eleizbarrutiko ikastetxeetan

EBI sareko (eleizbarrutiko ikastetxeak) 19 ikastetxeek "ilusinoz, erronka barriez eta euren heziketa-egitasmoetan aurrera egiteko asmoaz" ekin deutse ikasturte barriari. Ikasturte barriagaz batera, zuzendaritza-talde barriek ekingo deutse lanari sareko hainbat ikastetxetan eta elizbarruti mailan be zuzendaritza eta koordinazino barria izango da.

Ikasturte honetan, sei aldaketa izango dira Elizbarrutiko Ikastetxeak sarean (EBI). Somorrostron, Javier Unzuetak hartuko dau bere gain zuzendaritza-kargua; Somorrostroko San Juan ikastetxean, Urko Duartek; Eider Aznarrek Avellanedan (Gueñes), Victor Pascual eta Jaione Elkorok osotuko dabe zuzendaritza-taldea Aingeru Goardakoak ikastetxean (Bilbao), Itxaso Garteizaurrekoa izango da San Fidel ikastolako (Gernika) zuzendari eta Laura Gutierrez Otxarkoaga ikastegikoa (Bilbao). 

Ikastetxeetako aldaketez gainera, aldaketak izango dira Gotzaitegiko koordinazinoan: Nerea Bilbaok hartuko dau Nerea Begoñaren lekua koordinazinorako zuzendaritzan. Beragaz izango dira taldean, Idoia Ventura eta Merkat Bernaola. 

Ondoetorria heziketa-alkarteari

Ikasturtearen hasieran, zuzendaritza barriak azaldu dauanez, EBIk aurrera egin gura dau bere xedean: eremuak sortu pertsona guztientzat, eremu abegitsu eta aniztasunera irekiak, eta pentsamentu kritikoa, herritar eraginkorrak eta gizarte eta ingurumenaren aldeko konpromisoa sustatu. Ikasleei bizitzaren zentzua atzematen laguntzeko esperientziak be sortu gura dira”.

EBI Steam Azoka
EBI Steam azoka

Guzti hori, EBI izatea, “kide izan eta nor nazan eta gizarteari eta Eleizari zelan ekarpena egin atzematea, beste batzukaz bide egitea eta inor atzean ez iztea” dala ulertzen dauan heziketa-alkartetik egin daiteke. 

Nerea Begoñaren agurreko berbak

Nerea Begoñak koordinazinorako eleizbarrutiko buru lez eban kargutik erretiroa hartzean, esker oneko mezua zuzendu eutson heziketa-alkarteari. 

“Gaur, eskerrak emotea baino ez dot nahi. Eskerrik asko pertsonei lagun egiteko eta irakasle, familia eta ikasleakaz batera bide egiteko zeregin zoragarri honetan bizi izandako hainbeste urterengaitik eta euretako bakotxak nire buruarengan eragin dauan aldaketagaitik. Izan be, aldi honetan, gauza garrantzitsu bat ikasi dot bederen, hau da, heztea beste batzukaz batera egiten dala, eta bat egite bakotxaren atzean, oparia dagoala ezkutatuta”, inoan EBIren web orrialdean.

Nerea Bilbao eta Nerea Begoña
Nerea Bilbao eta Nerea Begoña, Aita Santua Madrlera etorri zanean