“Ziortzako Kontzertuak” jaialdiak egitarau interesgarria eskeintzen dau irailean. Musika klasikoa da protagonista aurton 38. ekitaldia ospatuko dauan eta zapatuz hasiko dan jaialdian.
Aitagarria da domekako -irailak 13- emonaldia, izan be, eguerdiko 13:00etik aurrera, Rui Soares eta Juan Jose Monterok organo-kontzertua eskeiniko dabe. Kolegiatako musika-tresna historikoaren soinua entzuteko aukera barria izango da, beraz. 1686an eraiki eban Joseph de Echevarriak eta Euskadiko organorik zaharrena da. Bere fatxada-tutuek, gainea, 1540 ingurukoa zan organo zaharragoaren osagaiak dabez.
Ziortzako kontzertuen inguruan gehiago jakiteko eta autobusean lekua gordetzeko: hemen.
Egitarau zabala
Interpretatzaile eta talde entzutetsuek jardungo dabe aurton be. Jaialdiari hasiera emoteko, datorren zapatuz, irailak 12, 18:00etan, Josetxu Obregon bilbotar biolontxelo-jotzaileak zuzendutako La Ritirata taldearen txanda izango da. Juan Crisostomo de Arriagaren musikari lotutako kontzertua eskeiniko dabe.
Irailaren 13an, domekaz, organo-kontzertua ospatuko da 13:00ean eta 18:00etan Propitia Sydera Orkestra Barrokoa taldeak jardungo dau, Roberta Invernizzi sopranoaren eta Pedro Gandia Martin biolin-jotzailearen laguntzagaz.
Bigarren asteburua musika historikoari eskeinita
Hurrengo asteburuan, irailaren 19an, zapatuz, 18:00etan, Propitia Sydera Orkestra Barrokoak beste emonaldi bat eskeiniko dau, kasu honetan, Leioako San Juan Bautista Abesbatzagaz batera, Jon Malaxetxebarriaren zuzendaritzapean.
Eta domekaz, irailak 20, jaialdiari amaiera emongo deutsoe emonaldi bigaz: 13:00an, Jan Vermeire organistak jardungo dau Kolegiatako organoa joz eta Bart Coppe erdi aroko tronpetan aditua dan Bart Copperen laguntzagaz. 18:00etan, Artefactum taldeak erdi aroko musikari eskeinitako kontzertua emongo dau jaialdiari amaiera emonez.
Musika klasikoaz gozatzeko aukera barria dago, beraz, “Ziortzako kontzertuak” jaialdiaren eskutik. Urteak joan, urteak etorri, historia eta musika ondarea berreskuratzea ahalbidetu dau inguru paregabean.







