Parrokiako alkarteak eta abesbatzak lagunduta ospatuko dira Eukaristiak eta domekaz emongo dabez, hain zuzen be, bihar, irailak 13, irailaren 20 eta 27an eta urriaren 4an.
Donostia, Gasteiz eta Iru´ña-Tuterako eleizbarrutiakaz koordinatuta izaten dira emankizunak eta, oraingoan, BIlboko eleizbarrutiarena da ardura.
Etb1ek lurralde osoan emititzen dau. Emonaldiak txandaka egiten dira eta euskera, ondare materiala eta parrokia alkarteen aberastasun handia zabaltzeko aukera dira.
Bisita gidatuak udan
Uda honetan, bisitak antolatu dabez Gernikako Andra Mari eleizara. Bisitarien arretarako Gernika-Lumoko Turismo-bulegoa arduratu da bisitaldiez uztailean eta abuztuan. Aitatutako bulego horrek 5.000 liburuxka argitaratu ditu euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez, bisitariak bere kabuz egin dagian ikustaldia.
Bisitari eta herritarrek Andra Mari eleizara sartzeko aukera izan dabe, herribilduan balio historiko eta artistiko handia dauan eraikina ezagutzeko.
Holan, bisitariek, Gernika herriaren historian garrantzitsu izan diran gertakarien lekuko izan dan eta dan ondarea ezagutu dabe.
Historia
XV. gizaldiaren erdialdera hasi ziran eleiza eraikitzen eta lanek hirurehun urte inguru iraun eben. Eraikinak osagai gotikoak, errenazentistak eta barrokoak ditu.
Tenplua bisitatzean, Gernika herriaren oroimenaren zati diran pasarteak atzeman daitezke.







