28-10-2025 Simón y Judas, apóstoles

Domund 2025

“Itxaropenean misiolari herrien artean”

19 octubre 2025

Adiskideok:

Anai-arreba agurgarria:

Datorren urriaren 19an DOMUND Egunaren, hau da, fedearen zabalkunderako munduko domekaren, XCIX. Ekitaldia ospatuko dogu.

“Itxaropenean misiolari herrien artean” goiburuaren haritik, kanpainak Eleizaren misino-izatea agertu gura dau misiolarien errealitate zehatzean; Misinoaren aldeko otoitza eragin eta sustatu gura dau eta laguntasun materiala eta diru-laguntza eskatu preminan dagoan lekuetan Eleizari eusteko.

Ospakizun hau guztiz sustraituta dago Bizkaiko Eleizan, eta esanguratsua da Eleizatik kanpo bizi dan askorentzat be: “Misiolarien lekukotasunak erakargarritasunari eusten deutso aldendu eta fedegabeentzat be, eta kristau balioen igorle da” (Redemptoris Missio, 83). Itxaropena dago misinoaren jatorri eta amaieran. Kristo berbiztua da gure itxaropenaren iturria.

“Herrien artean”, zentzumenak, bihotza eta burua zabaltzeko deia da, gure ohiko lekuen -etxea, parrokia, PBa, eleizbarrutia- ertz estuak gainditu daiezan. Pobretasunik larriena, Kristo ez ezagutzea dala inoan behin eta barriro Frantzisko aita santuak. Gaur, eleiz errealitatearen muga objektibo eta subjektiboen berezko pastoral preminek iruntsi dabe ad gentes berariazko misinoa. Baita munduaren eraketa barriak be. Itxitasunerako joera handia izan daitekela ohartarazo eban san Joan Paulo II.ak, baina Eleizaren historiak erakusten dauanez, misino-bultzada bizitasunaren zeinu izan da beti eta bultzadarik eza, fede-krisiaren adierazle. Bere esanetan, misinoei laguntzea ez da emotea bakarrik, hartzen jakitea be bada.

Etsipenezko zantzuez beteta -zentzunik eza, axolagabekeria erlijiosoa, norberekeria hedonista amorratua, gerrak, errugabeen hilketak…- dagoan errealitatean, munduko askotariko herri eta kulturetan erabat txertatutako misiolarien lekukotasuna gure misinoaren arrazoi eta eragile nagusia dan Kristorenganako fedearen eta konfiantzaren etenbako haragitzea da. Argi iluntasunetan.

“Eleiza osoa, Eleiza guztiak mundu osorako”. Paolo Manna dohatsuaren esaldi honek gure bateotik eratorritako misino-erantzukizuna, mundu osoko alkartasuna, fedearen katolikotasuna gogorarazoten deusku. Sasoi latza bizi dogu; latza izan zan hasierako kristauen sasoia be eta aniztasunean bat eginda egozan, benetako ikasle-misiolari ziran kristau horreen bidez jaso dogu Kristo Jesusenganako fedearen altxorra.

Postaz jasoko dozuez lagungarriak: kartela, gotzainaren gutuna, ordezkariaren gutuna, liturgia lagungarriak eta ‘Iluminare’ aldizkaria.

Berbiztuaren Espirituak sustatu daiala gure misino-kontzientzia eta kanpaina graziazko unea izan daitela gure alkarteen bizkortzerako, misino-kanpainen oinarrizko euskarri dira-eta.

Besarkada estua,

Manuel de Jesus Heredia Noriega
Misinoetarako ordezkaria