Barriak
Etiquetado como: Jesuitak
Bake Topaketan izena emoteko azken egunak
Datorren domekaz, otsailak 11a, amaituko da otsailaren 17an ospatuko dan Bake Topaketan izena emoteko epea. Luis Mari Vega Bake eta Adiskidetzerako Eleizbarrutiko arduradunak deialdia egin dau, bideo bidez, bakearen aldeko X. topaketan parte hartzera bultzatuz. Hamargarren urteurrenean, inguruko bikaritzek (IV. eta V.) hainbat bider antolatu eben lez, Bolibartik ZIortzarako ibilaldia egingo da. Izena emoteko: hemen.
Zainketa aringarriei buruzko saioa Jacinto Batizen eskutik
Urteko jardueren egutegian jasoten danez, Ministerio Ordenaturako Idazkaritzak Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuagaz (ETPI) batera antolatuta, heziketa-saioa izango dabe gaur. Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko 'Hobeto zaindu' Institutuko zuzendari dan Jacinto Batiz medikuak jardungo dau goiburu honen haritik: "Biziaren azkena: Bioetika, zainketa aringarriak eta akonpainamendua". Saioa, Begoñako Gogarte Etxean izango da, goizeko 10:00etatik aurrera.
Pertsona-salerosketaren aurkako lekukotasuna Miribillako eleizan
“Duintasunerako bidean: entzun, amets egin, ekin” goiburuaren haritik ospatuko da bihar -otsailak 8, eguena-, Pertsona-salerosketaren aurkako Otoitz eta Gogoetarako Munduko X. Eguna. Eleizbarrutian ospatuko dan ekitaldi nagusian, otoitzaldia egingo da eta San Frantzisko auzoan 25 urtetik gora lanean daroan eta Migrazinoetarako Mahaian esku-hartzen dauan Mª Luisa del Pozo monja oblatak lekukotasuna eskainiko dau. Miribillako Santa Josefa eleizan izango da, bihar, 18:30etan.
Zabaldu da matrikulazinoak egiteko epea Eleizbarrutiko ikastetxeetan
Bihartik -otsailak 7, eguaztena- hilaren 24ra arte, zabalik izango da 2024-2025 ikasturterakoLehen, Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulatzeko epea EBI sareko (Elizbarrutiko Ikastetxeak)17 ikastetxeetan. Gehiago jakiteko: hemen.
70 gazte inguruk erretiroa egin eban Berrizen
Asteburuan, gehienbat 18 eta 26 urte bitarteko 70 gazte inguru batu da IV., V. eta VI. bikaritzek antolatutako erretiroan, Berrizko Mesedetako Misiolareien etxean (Barnezabal). Laguntzaile lanetan ibili diranen esanetan, gazteek "geldialdia egin ahal izan dabe euren bizitza asaldatuan, otoitzaren bidez, euren bizitzetan Jesusegaz bat egitearen esperientzia bizitzeko". Argazkiak: hemen
Asteburuan, biziera sagaratua, tradizinoa, alkartasuna eta oroitzapena
Otsailaren lehenengo asteburuan, neguko egutegian entzutetsu eta herrikoi diran hiru jai ospatu daira: Barikuz, Kandelerio eguna, zapatuz, San Blas eta atzo -otsailak 4, domeka-, Agate Deunaren egunaren bezpera. Gaur ospatzen da santaren eguna eta atzo makina bat lagun ibili zan kalez kale hari abestuz. Barikuz, ohikoa danez, Biziera Sagaratuaren Eguna ospatu zan. Gainera, oroimenezko ekitaldia ospatu da eskolapioen ikastetxean eta hainbat jarduera solidario:
"Bihotz bizia, beste batzukaz batera sentitzeko, hunkitzeko gauza dan bihotza eskatzen dogu gaur zuentzat"
Ikastaroa eta mahai-ingurua HOACen eskutik
Otsailaren 1ean -eguena-, Errekaldeko Ekintza Katolikoko Langile Ermandadeak (HOAC) mahai-ingurua ospatu eban Errekaldeko Auzo-etxean, auzoan askotariko arloetan jarduten daben lau erakundek parte hartu ebelarik: Arraizpe Pastoral Barrutiak (PB), Gazte Lekuk, Iturri Gorri Kirol Alkarteak eta Errekaldeberriz auzotarren alkarteak. HOAC Bizkaiak "Kristau espiritualtasuna eta mistika Eleizan eta HOACen" ikastaroa ospatu dau Begoñako Gogarte Etxean, Joaquin Sanchez mobimentuko Murtziako Eleizbarrutiko kontsiliarioak lagunduta.
Egun seinalatua Agate Deunaren ermitan
Usadioari eutsiz, Agate Deunaren jai liturgikoaren bezperan, ehunka koru ibili zan atzo kalez kale Bizkaiko herrietan santari abestuz. Agate Deunaren irudia Eleizbarrutiko 25 parrokiatan irudikatuta dago. Kastrexanan mezak ospatuko dira gaur, 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00an.
Astekoak, asteko barrien laburpena
Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org