12.08.2026

Aba Taano taldearen gospela Gorlizeko parrokian

Aste honetan, Aba Taano taldearen ahotsak entzungo dira barriro Bizkaian. Ugandako gospel-taldeak kontzertua eskeiniko dau datorren eguenez, abuztuak 13, 19:30etan, Gorlizeko Sortzez Garbia parrokian, udalerrian ospatzen diharduen XXV. Musikaldian. 

Sarrera doan dala ospatuko dan ekitaldian, Afrikako ahots-musikaren indarraz jabetu ahal izango dabe bertaratutakoek. 

Bost kantarik -lau gizon eta emakume bat- osotzen daben Aba Taano taldeak a capella abesten dau eta ahotsek eurek ordezkatzen dabez musika-tresnak. Gospel, afrikar doinu eta harmonia aberatsez osotutako errepertorioa dabe. 

Aba Taano Lekeitio
Aba Taano Lekeitioko basilikan

Taldeak estatuko hainbat lekutan abesten dihardu eta bira horren barruan Gorlizen be jardungo dau. Joan dan domekaz, abuztuak 9, Aba Taanok Lekeitioko Andra Mari basilikan eskeini eban kontzertua. Jente asko batu zan eta hurkotasuna eta parte-hartzea nabarnendu ziran emonaldian. Besteak beste, «Txoria txori» abestia kantatu eben era berezian eta jenteak txalo beroa eskeini eutsen.

Ahots-estilo honetaz gozatzeko aukera barria izango da Gorlizeko kontzertuan: ahotsen indarra, harmonia eta adierazkortasuna. Sortzez Garbia parrokian, gainera, taldearen alderdi akustiko eta espirituala nabarmenduko da.

Bizitzak aldatzeko balio dauan musika

Aba Taano taldearen emonaldiak gizarte konpromisoari lotuta dagoz. Zenbait kontzertutan -esate baterako, Lekeitiokoan- batzen dan dirua Musika bizitzak salbatzeko egitasmorako izaten da. Ekimen hau Ungandan sortu zan orain dala hogei urte inguru ahuleziazko egoeran dagozan ume eta gaztetxoei laguntzeko eta euroi etorkizunerako aukerak emoteko heziketaren, musikaren eta arte eszenikoen bidez.


Musika eta dantza dira, hain zuzen be, Musika bizitzak salbatzeko ekimenaren zutabe nagusiak. Adierazpen, heziketa eta hazkunde pertsonalerako bitarteko izateaz gainera, artisten ikuskizun eta kontzertuak egitasmoa bera finantzatzeko bide dira. 

Testuinguru honetan, Aba Taano taldearen kontzertuak kultur proposamen baino askoz gehiago dira. Emonaldien amaieran, bost taldekideek batzen dabe dirua eleizatik ataratean, egitasmoari diruz lagundu gura deutsoenen artean. 

Aba Taano. abuztuaren 13an, 19:30etan. Gorlizeko Sortzez Garbia parrokia. XXV. Musikaldia Gorlizen. Sarrera doan.

El quinteto en su actuación de Lekeitio

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: Aba Taano, Gorliz, Lekeitio