Bizkaiko organoak protagonista izango dira abuztuaren 13an, Gernikan. Alde batetik, Urdaibaiko txistuak erakusketa eta Santa Klara tenpluko organoa bisitatzeko aukera izango da. Arratsaldez, musika-tresna historiko honeen mantenimentu eta etorkizunaren inguruko gogoeta egingo da. Bisita gidatuak goizez izango dira, 10:00etan euskeraz eta 12:00etan gaztelaniaz eta arratsaldeko seietan ospatuko da mahai-ingurua: «Bizkaiko organoak, zaintzeko erronka eta etorkizuna».
Bizkaiko organoak, lurraldeko herri askotako musika, kultura eta erlejinoaren historian zeresan handia izan daben eba daben musika-tresnak, ze egoeratan dagozan eta euren mantenimentuak dakarzan erronkak aztertuko dira mahai-inguruan.
Lope Alberdiren ondarea
Jardunaldi hau Lope Alberdi organogileari (1868-1948) eskeinitako Urdaibaiko txistuak erakusketari lotuta dago. Gautegiz-Arteagan jaio eta Bartzelonako bizilagun izan zan Alberdik arrasto esanguratsua itzi eban Busturialdea-Urdaibain.

Gernikako Euskal Herria museoan dagoan erakusketa dala-eta egindako ikerketa barriak bere biografia berreskuratzeaz batera, bere ibilbidea eta XIX. gizaldiaren amaiera eta XX. gizaldiaren hasierako organoen munduari egin eutson ekarpena hobeto ezagutzeko aukera emon dau.
Ibarrangeluko San Andres, Gernikako Mesedetako Ama-San Bartolome, Gernika-Lumoko San Pedro, Bermeoko San Frantzisko, Mundakako Andra Mari eta Elantxobeko San Nikolas eleizetako organoak Alberdirenak dira. Busturialdeko musika-ondarearen atal esanguratsu dira.
Abuztuaren 13ko jardunaldian, ondare honen balioaren garrantzia nabarmenduko da eta, aldi berean, gogoeta eragin, datozan belaunaldiei begira, musika-tresna historiko honeek zaintzeko eta bizirik mantentzeko aukeraren inguruan.







