Astelehenez Filipinetako hegoaldea astindu eban lurrikara handiak ez ditu Jose Agustin Maizen planak aldatu. Lekeitioko parrokoa joan dan astean heldu zan Cebura eta Bizkaitik laguntzen diharduen egitasmoak bisitatzen ari da. Lurrikararen epizentrotik ehunka kilometrora dagoan Mindanao pareko kostaldean gertatu da.
«Hemen ez zan nabaritu, hegoaldean izan zan», azaldu dau Maizek Filipinetatik. Orain dala hogeta hamar urte, besteak beste, bere bultzadagaz sortu zan Lihuk Panaghiusa GKEaren egitasmoak bisitatzen dihardu.
Zoritxarra
Lurrikara, 7,6ko magnitudekoa, hango 7:37etan gertatu zan eta Sarangani eta General Santos inguruan eragin eban batez be. Agintariek emondako datuen arabera, hamar lagun inguru hil da eta milaka biktima dago. Lurrikarak alarmak biztu ebazan Ozeano Bareko hainbat lekutan tsunami-arriskua zala-eta. ordu batzuetara bertan behera gertu baziran be. Maizen esanetan, “tsunami-alerta heldu jakun, baina, Jainkoari esker, ez zan ezer gertatu”.
Filipinetan 2026-2027 ikasturteari hasiera emon eutsen egunean gertatzu zan lurrikara. Azaldu dauanez, «lehenengo eskola-eguna zan ume eta gazteentzat. Ordu horretan, gehienak ikastetxeetako jolastokietan egozan, bandera igotzeko eta ereserki nazionala abesteko ekitaldian».
Maizek nabarmendu dauanez, kalte handienak jasan dituan ingurua herrialdeko behartsuenetakoa da: «Filipinetako lekurik pobreena da. Eta, bitxia bada be, hain gitxi daukienez, eraikin alturik eta azpiegiturarik ez dagoanez, txikiagoak izan dira kalte materialak».
Kanpamentura bidean
Abadea kanpamentura doa bihar. Hirurogei lagun inguru batuko da Laudato si’ entziklikaren oinarriak lantzeko, ingurumenaren inguruan lekuko alkarteetan kezka gehien eragiten daben arazoei helduz, esate baterako plastikoen kutsadura eta ur eskasia.

Topaketari amaiera emoteko, meza ospatuko dabe Camotes uhartean. Herrialdean bizi daben egoeraz itaunduta, kezkatuta agertu da, “arlo guztietara zabalduta dagoan egundoko ustelkeriagaitik”.
Urte askotako konpromisoa
Ez da Maizek Filipinetan bertan lurrikara handi baten ondorioak jasaten dituan lehenengo aldia. 2025eko irailean Cebun egon zanean be lurrikara handia izan zan eta kalte handiak izan ziran inguruko herrietan. Orduan, “susto handia” izan zala esan eban eta bera egoan lekutik koilometro batzuetara egoera “negargarria” zala.
Abadea aldian-aldian joaten da Filipinetara Lihuk Panaghiusa erakundearen lana gertutik jarraitzeko. Berak, Miguel Remirez eta Filipinetako hainbat emakume boluntariok sortu eben Cebuko auzo pobreenetko bizi-baldintzak hobetzeko helburuagaz.
Euskal Eleizbarrutietako Misinoei lotutako erakundeak askotariko egitasmoak -heziketa, elikadura, alkarte garapena…- sustatzen ditu pobretasuna, eskolatzerik eza, langabezia edo bizileku-gabezia lako egiturasmo arazoei aurre egiteko. Besteak beste, beken egitarau zabala babesten dabe, ehunka gaztek ikasten jarraitu dagien, etorkizunean aukera barriak izateko.








