26-04-2024 Isidoro, obispo y doctor
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 “Aita Santua, teologo jakintsua eta fededun otoizlaria izan da”
10.01.2023

“Aita Santua, teologo jakintsua eta fededun otoizlaria izan da”

Gaur eguerdian, Bilboko gotzaina izan da buru Benedikto XVI.aren aldeko hileta-mezan, Bilboko katedralean. Fededun ugari batu da aita santu erretiratuaren alde otoitz egiteko. Katedraleko kapituluko, gotzain kontseiluko kideek eta beste hainbat abadek emon dabe alkar-meza, web orrialde honen bidez zuzenean emon dana. On Joseba Segura gotzainak, aita santu alemanak eskaini nahi izan ebazan hiru zerbitzuen garrantzia nabarmendu dau: "“guztien onaren”, Eleizaren onaren eta gizadiaren onaren alde". Gotzainak bere homilian adierazo dauanez, Benedikto, "teologo jakintsua izan da eta sinistedun otoizlaria. Bere ezagutza, maitasunak eragindako jakintza da". Gotzainaren homilia.

Hona hemen Bilboko gotzainak gaur Santiago katedralean ospatu dan hileta-mezan aita santu erretiratuari buruz emon dituak 10 izenburu:

  1. Eleiza zentzuzkoa izango bada, ezinbestekoa dau Jainkoak munduari deutsan maitasuna zehaztea eta agertzera emotea
  2. Beste askorekin batera, Vatikano II.a Kontzilioan eratu zan pentsamendu eta liturgiaren eraldaketa sakona sustatu eban.
  3. Ratzingerrek, askok berataz dauan irudiaren aurka, aldaketa sakonak onartzeko eta babesteko prestasuna erakutsi eban bere bizitzan.
  4. Guztien ona eta “gizadiaren” aldeko zerbitzua, kanpora begira dagozan helburu bi. Horreen haritik, aita santu erretiratuak Eleizaren alde lan egiteko nahia erakutsi eban.
  5. Benedikto XVI.ari kontserbadore izatea aurpegiratu eutsen, baina hainbat gaitan sakondu eta kristautasunak mundua gizatasunez janzteko eskaini dituan eta eskaini behar dituan elementu nagusiak azaltzen eta gordeten saiatu zan.
  6. Benedikto, teologo jakintsua izan da eta sinistedun otoizlaria. Eta otoitz egiten dau maite daualako. Eta nor maite dau? Hor dago bere kristologia erantzuteko.
  7. Ezin esan bere keinuetan naturala zainik, baina jenteak, zelanbaiteko baldartasun fisikoaren atzean ikusi ebanez, ez zan Fedearen Doktrinarako Kongregazinoko buru zanetik hedabideetan sustatutako karikatura, pertsonaia zurrun eta errukigabea.
  8. Argi itzi ahal izan dau bere bizitzaren muina zein izan dan: asmatze eta akatsekin, baina beti bazkatu eta larreratu, Kristorenganako maitasun sakona bere hitzek baino hobeto adierazoten eben egitekoak.
  9. Fokuak gustuko ez ebazan eta Fedearen Doktrinarako Kongregazinoan buru ipini eben, iraganean “ofizio santu’ izateagaitik eta gaur egun Eleizako gehiegikeriei lotutako erantzukizunengaitik hedabideentzat erakargarrienetakoa zan Vatikanoko bulegoan hain zuzen be.
  10. Kudeaketa-kontuak gustuko ez ebazan eta gobernu-erronka orokorrez arduratzea zegokion erakundeko buru izendatu eben eta une korapilatsuan. Ratzinger gaztea pozik egoan egiten ebanaz, baina Kristorenganako maitasunagaitik sekula burutik be pasatu ez jakozan ardurak izatera igaro zan.

Ebanjelioak, Benedikto sinistedun, abade eta aita santu lez, izan dana agertzeko balio deusku. Teologo jakintsua izan da eta sinistedun otoizlaria. Bere ezagutza, maitasunak eragindako jakintza da.

On joseba segura homilian