Aretoa lepo bete zan atzo, sari solidarioen banaketan. Aurton, arlo honeek saritu gura izan ditu Menchaca Fundazinoak: lana eta konpromisoa gaixo terminalen zaintza eta arretan, Hegoaldek herrialdeetako emakume ahulen aldeko lana eta etxebizitza bako pertsonen aldeko arreta.
Almudena Cacho kazetariak aurkeztutako ekitaldian buru izan zan Nerea Melgosa Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politikarako Eusko Jaurlaritzako sailburua. Bere berbaldian esan ebanez, “une asaldatua baina, aldi berean, itxaropentsua, bizi dogu, eta orain, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da alkartasuna”.
Eleizbarrutietako Misinoak
Autorpen hau jasotean, Euskal Eleizbarrutietako Misinoek gogoan izan gura ditu 75 urteotan euren ahalegina, ilusinoa, poza eta borroka eskaini daben pertsona guztiak. Katekistak, kristau alkarteetako kideak, “egon izan garan eta gagozan herrialde guztietakoak, misiolariak, misino-taldea, Los Rios aldizkariaren barriemoileak eta beste hainbat eta hainbat lagun”.
Feli Martinek ekuadortar kostaldean, Hego Amerikako beste hainbat lekutan -Venezuela, Txile, Brasil- eta Afrikan -Ruanda Zaire (gaur Kongoko Errepublika Demokratikoa) eta Angola- hedatu izan dan “abenturaren, misinoa, alkartasuna eta bizia buztartu dituanaren” hastapenak gogora ekarri ebazan. Bere esanetan, “abentura honek eleiz bizitzan eta bizitza pertsonalean finkatu gaitu, historia egitasmo eta hartu-emon aberasgarriez beteta egon da”. Martinen esanetan, gaur egun be misino-konpromisoa kristau alkarteen bihotzean grabatuta dago: Hirurogeta hamabost urteren buruan, Euskadiko hiru Eleizbarrutiok misinoa sendotzen jarraitzen dogu. Lurreko txirotuek misino-konpromisora deitzen gaitue gaur egun be”.
“Eleizbarrutietako Misinoak, opari izan dira eta dira gure Eleizbarrutientzat”, esan eban azkenean.
Marije Goikoetxea, Lagun Artean taldeko boluntarioak…
Giza Eskubideetan doktore, Deustuko Unibertsitateko irakasle, psikologo eta teologo dan eta hainbat urtez Eleizbarrutiko Osasun Pastoraltzan jardun eban Marije Goikotxea be saritu eben. Eta honegaz batera, Jaime Bernar Zabalketa GKEaren sustatzailea; Maria Jesus Torre, Felisa Estefania eta Arcadio PInto Lagun Artean erakundean etxebizitzarik ez daukienen aldeko arretan jarduten daben boluntarioak eta Jesus Perez Arrospide (Periko) Gizarte Ongizaterako Eusko Jaurlaritzako zuzendari ohi, Euskadin SMIren (gizarteratzerako gitxieneko soldata) eragile eta hainbat GKEtako boluntario.
Marije Goikoetxeak eskerrak emon eutsazan Menchaca de la Bodega Fundazinoari, “pertsonak zaintzea eta laguntzea, behar abenean, saritzeko moduko ekintza dala pentsatzeagaitik”. Zorioneko kasualitatetzat jo eban, sari hori “zaintzarako alkarte eskubidea aldarrikatzen zan egunean jasotea. Alkarte zaintza hori ezinbestekoa da-eta, zaindutako pertsonen zein zaintzaileen eskubideak sustatzeko”.
Lagun Artean erakundeko boluntarioek esker ona adierazo eben sariagaitik eta aurton 40 urte bete dituan alkartearen jatorriak gogoratu ebezan. Euren esanetan, “boluntarioen lana, ezinbestekoa da Lagun Artean alkartean. Maitasuna jaso dogu boluntario izateagaitik. Guztiz aberasgarria da”.
Lagun Artean, Eleizbarrutiari eta Caritas Bizkaia erakundeari lotutako alkartea 1983ko udabarrian sortu zan Deustuko Nekaldia parrokiako gazte batzuen ekimenez.
Garbiñe Abendañoren zuzendaritzapean jardun eban Leioako Doniene Abesbatzak girotu eban ekitaldia.
Amaieran, bertaratutakoek kopau bat hartu eben Peñascal Kooperatiba enpresak prestatuta.