20.07.2026

Akonpainamendua eta laguntasuna Lagungoren eskutik venezuelar alkartearentzat

Lagungo Fundazinoak Euskal Herrian bizi dan venezuelar alkarteari laguntza eskeintzen dihardu, joan dan ekainaren 24an lurrikarak Venezuelan eragindako hondamendiaren ostean. Lagungok laguntza terapeutikoa emoten dau taldean eta laguntasun psikologikoa familiei, norbanakoei eta taldeei. 

Eskaera Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Erronka Demografikorako Sailaren eskutik heldu zan Lagungora. Fundazinoagaz hartu-emonean jarri eta laguntza profesionala eskatu eben, Lagungotik azaldu dabenez, “hemen, Euskadin, venezuelar alkarteari zuzendutako eremu terapautikoa sustatzeko”. Eskaera hori venezuelar alkarteen Euskadiko plataformaren koordinatzaieengandik sortu zan. 

Jon Elordui Lagungo Fundazinoko zuzendariaren esanetan, “denpora gitxian eratu dogu, pare bat astetan”. Elorduik azaldu dauanez, hiru batzar egingo dira (Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan), eta lehenengo talde eremua ospatu da, hain zuzen be joan dan astean, hilaren 15ean, Barakaldon, eta Rosa Martinez eta Ane Rafolsek gidatu eta sustatu eben. 

Uztailaren 22an, Gasteizen egingo da eta 29an, Donostian. Batzar honeez gain, laguntza psikologikoa eskainiko jake familiei, norbanakoei eta taldeei datozan hilabeteetan, “hemen bizi diran eta ezinbesteko daben venezuelarrei laguntzeko” larrialdi honetan. 

Lagungo

Irabazi-asmo bako eleizbarrutiko fundazino honek eskeintzen dauan zerbitzurik espezializatuena, arreta psikologikoa da. Fundazinotik familia eta norbanakoei eskeintzen deutse laguntasuna, terapiaren, biderapenaren, bitartekotzaren eta tratamentu egokiaren bidez, familiaren, hartu-emonen, emozinoen… inguruko arazoei aurre egiteko. “Pertsonek bizitza pertsonal eta familia bizitza sano eta egokia garatzeko aukera izatea da gure helburua”.

1993an eratu zan “LAGUNGO Familia Biderapenerako Zentro” lez eta jarduera psikologikoaren Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumorako Lurralde Zuzendaritzaren osasun-baimena dau. Baina 1990an hasita egoan familia biderapen eta bitartekotza eta esperientzia psikoterapeutiko eta psikosoziala eskeintzen. 

Lana, SAREAN egiten da, koordinazinotik, alkar laguntzatik eta balorazino postitibotik, beste gizarte-heziketa eta osasun bitartekoakaz, oinarrizko gizarte zerbitzuaka, osasun-etxeakaz, ikastetxeakaz eta askotariko alkarte eta erakundeakaz: Caritas, EDE Fundazinoa, Bilboko Uala, Genero Politiketarako eta Gizarte Ekintzarako Bizkaiko Foru Aldundiko arloagaz (Haurrak eta Familia zuzendaritzak) eta Eusko Jaurlaritzagaz (Familia zuzendaritza).

Eukaristia biktimen oroimenez

Uztailaren 24an hilabete beteko da lurrikara gertatu zanetik eta egun horretan, 19.00etan eta On Joseba Segura Bilboko gotzaina buru dala, meza ospatuko da biktimen oroimenez, Santiago katedralean. 


www.bizkeliza.org