Aurton, Arantzazuk antolatu ditu Arratiako erreguteak eta bide batez Arratiako Eleizaren eguna ospatuko dabe.

Aspalditik egiten dira erreguteak baina, urteen buruan, aldatu egin da euren esangura. Lehen, lehorteak, izurritea lako gaixotasunak ezabatzeko, gerra sasoian bakea eskatzeko…, eskatzen zan eta gaur egun, herri erlijinotasunari lotutako arrazoiak dirala medio egiten dabe ospakizuna eta ospatzeko eta familiak eta alkarteak batzeko aukera izaten dira.
Zelan joan
Erromesek honan parte hartu leikie: oinez doazanentzat, abiapuntu bi dagoz, Diman, 6:00etan eta Zeanurin, 7:30etan eta gainerakoentzat autobus bi ipini dira eta herriz herri joango dira eleiztarrak hartzeko.
Eleizkizuna goizeko 11:00etan hasiko da Urkiolako santutegian.
Azken Pastoral Idazkian oinarritutako eukaristia
Carlos Olabarri buru dala eta Dionisio Larrañaga eta Xabier Eskauriatza alkar-meza emoten dirala ospatuko dan Eukaristiaren hari eroalea, Euskal Herriko eta Nafarroako gotzainek 2025eko Garizuman argitaratu eben Pastoral Idazkia izango da.
Eleizkizunean, oparien aurkezpena izango da une esanguratsuenetako bat: herri bakotxak Idazkian nabarmetzen diran kontzeptuei lotutako osagairen bat eroango dau: apaltasun eta benetakotasuna, Hitza, Ogi eta Ardaoa, Eukaristia, Barri Ona…
Batera mahaiaren inguruan
Eleizkizunaren ostean, jai-giroan, partaideek mahaiaren inguruan kopau bat hartzeko aukera izango dabe, esate baterako Gorbealdek emondako gaztaia eta beste jaki batzuk.
Musikari dagokionez, Eingo taldeak girotuko dau eguna eta Beti jai alai taldearen dantzez be gozatu ahal izango da.
Mikroklima ospakizuna egin ahal izateko
Bero handia iragarrita dago, baina Urkiolako “mikroklimak” sargoria arinduko dauala emoten dau. Holan gertatu zan behintzat ekainaren 13an, Paduko San Antonio egunez.
San Antonio egunez giro aparta Urkiolan. Fedea, ohitura, espiritualtasuna, natura, kirola, azoka… dana buztartutik. #batera pic.twitter.com/eeu0Olbmru
— @DiocesisBilbao (@DiocesisBilbao) June 13, 2026







