18-07-2024 Jueves, XV semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Kultura 5 Arte gotikoari buruzko erakusketa Enkarterrin
27.06.2024

Arte gotikoari buruzko erakusketa Enkarterrin

Apirilaren 30era arte, arte gotikoari buruzko erakusketa ikusgai izango da Enkarterriko Museoan. "Erdi Arotik gure arora arte, arte gotikoa Enkarterrin" goiburuagaz, eta Jesus Muñiz historialariaren eskutik, 1270 eta 1530 bitarteko 38 pieza ikusi daitekez.

Ondare-balio handiko pieza honeen artean, erretaulak, irudiak, margolanak…, dagoz eta Jesus Muñiz Petralandak batu ditu, XIII. eta XVI. gizaldien artean Bizkaiko ondarean arrasto garrantzitsua itzi eban aro artistikoa agertzera emoteko.

Petralanda Bizkaia Irratian izan da. Historialariak azaldu dauanez, ibilbide korapilatsua burutu behar izan dau artelanak Enkarterriko Museoan aurkeztu aurretik. “Lehenengo eta behin, aro honetako piezak aurkitu behar izan doguz eta katalogoa osotu”. Muñiz eskualdeko hainbat lekutan izan da ondare-balio handiko artelanak aurkitzeko. 

Historialariak Bizkaiko Foru Aldundiko Ondarearen Saileko Errestauraziko Zerbitzuaren, Euskal Museoaren, Eleiz Museoaren, Arkeologia Museoaren ta Bilboko Gotzaitegiaren laguntza izan dau. Erakusketako pieza gehienak, erlijiosoak dira.

Gotikoa Bizkaian

Enkarterriko Museoaren web orrialdean jasoten danez, “bere adierazpen gorenean, gotikoak arrastoa itzi eban kontinenteko katedral handietan, esate baterako, Burgosen, Leonen, Parisen edo Milanen. Bizkaian be garatu zan, hain zuzen be Santiago katedralean (Bilbao) edo Portugaleteko, Lekeitioko eta Balmasedako eleizetan. Lurraldeko auzo eta herrixketako eraikin txikietan be itzi eban arrastoa, zoritxarrez XVI. gizalditik aurrera desagertzen hasi baziran be, zaharkitutako artetzat ebelako. Horregaitik, batzuetan, ermita, eleiza eta museoetan gordetako eskulturak izaten dira iragan gotiko haren lagin bakarrak”:

Enkarterriko artelanak

Enkarterrin aurkitu eta erakusketan ikusgai jarri dabezan artelanak 1270 eta 1530 bitartean egindako lanak dira. Zaharrenek, 800 urte beteko dabez laster. “Artelanok Portugalete, Santurtzi, Muskiz, Barakaldo, Alonsotegi, Gueñes, Gordexola, Zalla, Balmaseda, Galdames, Sopuerta, Artzentales eta Karrantzako eleiza eta ermitetatik ekarritakoak dira”. Horreetako hainbat, gaur egun, Euskal Museoan eta Eleiz Museoan gordeta dagoz eta erakusketarako itzi dabez. 

Artelanak hiru arotan sailkatu dira (hasierako gotikoa, gotiko internazionala eta gotiko berantiarra) eta 1270 eta 1530 bitartekoak dira. Erakusketaren aurkezpenean azaldu dabenez, “pieza zaharrenek -hasierako gotikoa- mobimentu gitxi erakusten dabe eta oraindik antzekotasun handia dabe pieza erromantikoakaz. Hainbat eleiza edo ermtako sei “Andra Mari” nabarmentzen dira eta Taramonako Magdalena (Gueñes) edo Zalduko San Bartolome (Gordexola) pieza bikainak”.

Gotiko internazionalekoak, “dotoreagoak dira, jantzi finagoak dabez, Galdamesetik, hain zuzen be Illeta-Amabizkarretik eroandako Enkarterriko Museoan gordeten dan amabirjina txikian edo orain dala hainbat gizaldi, Ingalaterratik Santa Marina lez ekarri zan beste baten ikusten danez”.

Azkenik gotiko berantiarreko pieza asko dago. Honeek mobimentu gehiago erakusten dabe eta besoak mobidu egiten dira, eskuak artikulatu eta hankak aurreratu. Historialariaren esanetan, “jantziak be landuagoak dira, Zallako San Migel bikainean, Portugaletetik ekarritako Udarearen Amabirjina margolan handian edo Zalla eta Santurtziko urregintzako lan finetan ikusi daitekenez”.

Liburua

Artelanok, Enkarterriko Museoan ikusgai jarteaz gainera, liburu baten be jaso dira. Museora joaterik ez dabenek Bizkaiko arte gotikoari buruzko lehenengo azterlana jasoten dauan liburua eskuratzeko aukera dabe.

Jesús Muñiz Petralanda