18-07-2024 Jueves, XV semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Kultura 5 “Gure Eleizen tradizinoaren ondarea gorde eta zabaltzea, jarrera modernoa da”
26.06.2024

“Gure Eleizen tradizinoaren ondarea gorde eta zabaltzea, jarrera modernoa da”

Estatuko 25 Eleizbarruti inguruk parte hartzen dihardu atzotik Kultur Ondarearen XLII. Jardunaldietan. Deustuko Unibertsitateko ospakizun-aretoan emon jaken hasera jardunaldiei Juan Jose Etxeberria Unibertsitateko errektorea, On Joseba Segura Bilboko gotzaina, Joan Maria Aburto alkatea, Lexuri Arrizabalaga Kultur diputatua eta Mons. Francisco Jose Prieto Santiago de Compostelako artzapezpikua bertan zirala. Alberto Santana Kultur Ondarerako Bizkaiko Foru Aldundiko Zerbitzuko arduradunaren berbaldiak emon eutsen hasiera ekitaldiei. Pablo Delclaux kultur ondarerako Gotzainen Batzarreko gotzain azpibatzordeko idazkaritzako zuzendariak esker ona adierazo eutsen erakundeei eskainitako abegiagaitik eta Jardunaldien egitarauaren barri emon eutsen eta egunari amaiera emoteko partaideei harrera egin eutsen Bilboko Udalean, Amaia Arregi alkateordearen eskutik. Gaur, Deustuko Unibertsitateko Kolegio Nagusian izango dabe jarraipena.

Alberto Santana historialariak testuinguruan jarri eban jardunaldien gaia. Aurton, tradizinoa, modernotasuna eta jasangarritasuna izango dira Gotzainen Batzarrak urtero antolatzen dituan ekitaldi honeen ardatzak.

Datozan hiru egunetan, Bizkaiko uriburua eta bere arte zibil eta erlijiosoa izango dira protagonista, gure arbasoengandik oinordetzan hartutako kultura immaterialagaz batera.

Santanak, bere berbaldian, itsasadarraren inguruan, San Anton parrokiaren eta bere zazpi kale harresituen oinetan, “merkataritzarako eraiki zan” uriko lehenengo eraikunten balioa nabarmendu eban. Beranduago, biztanleria hazi egin zan eta Begoñako eleizaraino hedagu.

Hizlariak bereziki nabarmendu eban Artaganeko mendixkan kokatutako eleizaren protagonismoa. Hain zuzen be, mendixka hori da Bilbao uriaren “ama” eta bertan egingo dabez laster indusketa arkeologikoak. Santanoren esanetan, “bertan, bizkaitar uriburuko biztanleen lehenengo kokalekuaren aztarnak aurkituko doguzalakoan gagoz”.

Historian zehar, Eleizak uria behin eta barriro sortzeko erakutsi dauan modernotasun-jarrera azpimarratu eban Kultur Ondarerako Bizkaiko Foru Aldundiko zerbitzuko arduradunak

Herri agintarien berbak

Bilboko alkateak, partaideei Bilbora etortzeagaitik esker ona adierzoteaz batera, uriak azken urteetan izan dauan eraldaketa nabarmendu eban. Joan Maria Aburtok azpimarratu ebanez, “Bilbaok bere industriaren errautsetatik birsortu egin behar izan eban, pertsonengan oinarritutako garapen-eredu barriaren alde eginez”.

Lexuri Arrizabalaga Kultur diputatuak “herentzia garrantzitsua dan eta Bizkaiaren nortasuna eratu dauan kultur ondare erlijiosoa zaintzearen” garrantzia nabarmendu eban.

Harrera udaletxean

Eukaristia Deustuko Unibertsitateko kapera gotikoan ospatu zan, Santiago de Compostelako artzapezpikua buru zala eta Bilboko Koral Alkarteak girotuta.

Gero, taldea udaletxera joan zan. Amaia Arregi alkarteordeak egin eutsen harrera eta eraikineko leku esanguratsuenak bisitatu ebezan. 

Mons Jose Prieto Fernandez Santiago de Compostelako artzapezpiku eta kultur ondarerako gotzain azpibatzordeko presidenteak eskerrak emon eutsezan herri erakundeei euren harrera “bikainagaitik” eta “Eleizaren kultur ondare erlijiosoaz hitz egitean, gure erreferentziak fededunei eta fedegabeei agertzen deusezan baterako bidea” aitatu behar dala esan eban. 

Bigarren eguneko egitaraua

Gaur goizean, Esteban Fernandez Cobian doktore arkitekto eta A Coruñako Unibertsitateko irakasle titularrak XXI. gizaldiko arkitektura erlijiosoari eta eremu zaharrei erabilera barriak emoteari buruz jardun dau gaur goizean. Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim Museoko zuzendariak Museoak urian izan dauan eraginaz hitz egingo dau. Bazkalostean, partaideek Museoa bisitatzeko eta Bilbon ibilaldi gidatua egitek oaukera izango dabe eta egunari amaiera emoteko San Mamesen afalduko dabe.