Ondarearen Europako Jardunaldiak dirala-eta, Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboaren ateak zabalduko dira bihar –urriak 21, martitzena-, “Arkitektura artxiboetan” bisita gidatua eta agiri-erakusketa eskaintzeko.
Hitzordua artxiboaren instalazinoetan da -Seminarioa eraikina, Larrauri kalea, 1 A, 5. solairua- eta erakunde honek jagoten dauan agiri-aberastasuna jenteari ezagutzera emotea dau helburu. Oraingoan, eleiz arkitekturari lotutako funtsetan jarriko da arreta.
Aurkikuntza
Eleizaren artxiboek, eleizbarrutiaren oroimen espiritualaz gainera, beste gauza asko gordeten dabela ikusiko dabe bertaratutakoek. Esate baterako, lurraldearen historia eta fedearen lekuko izan diran bere eraikinen -eleizak, seminarioak, torreak eta aretoak- bilakaera fisikoa.
Sarrerako berbaldi laburraren ostean, agiri baliotsu hneek zelan antolatzen diran azalduko da. Gero, lau gizalditako agiri zehatzak erakutsiko dira: obra-txostenak, egitasmoak, planoak, fabrika- eta kontu-liburuak, oroitza-txosten eta aurrekontuak…
Jarduera hau, aukera bikaina da eleizbarrutiko agiri-ondarea ezagutzeko eta arkitekturak herriaren bizitzaren, historiaren eta nortasunaren isla lez dauan egitekoa baloratzeko.
Oroimen Demokratikoaren Legea
Beste alde batetik, bihar amaituko da Bizkaiko lurralde historikoan jaio izan diran aitite-amama edo birraitite-amamak dabezala eta, erbesteratu behar izan ebelako edo beste arrazoiren batengaitik hemendik atara behar izan ebela egiaztatu dagien pertsonek herritartasun bikotxa eskatzeko daben epea.