Etorkin eta Errefuiatuen alde ospatuko dan kurtsoko lehenengo jardunaldia aitatuz hasten da ‘Astekoak’ laburpen hau.
Frantzisko Aita Santuak, “Migratu ala gelditu aukeratzeko aske” aurtengo ekitaldiko goiburuagaz, migrazinoaren arrazoiez jabearazi gura gaitu, izan be, “etorkinek pobretasun, bildur eta etsipenaren eraginez egiten dabe ihes”. Bere mezuan, dei egiten deusku, gainera, konpromisoa hartu daigun arrazoi honeek ezabatu daiguzan eta “migratzearena, benetan aske hartutako erabakia” izan daiten.
Goazen 23-24
2023-24 kurtsoko lehenengo jardunaldia Etorkin eta Errefuxiatuen aldekoa izango bada be, pastoral kurtsoaren hasiera irailaren 30ean, zapatuz, ospatuko da Markinan.
Bertan dau hitzordua Eleizbarrutiak Goazen 23-24 kurtso hasierako ekitaldia ospatzeko, “Bagara. Comunidad acogedora e inclusiva” goiburuaren haritik.
Eta aste honetan iragarri danez, Markinara joan gura dauanak izena emon leike esteka honetan.
Jose Luis de la Fuente
Aste honetan, gainera, Jose Luis de la Fuente abadearen heriotzaren barri emon da.
Portugaleten jaio zan eta 1960.eko ekainaren 29an abade egin zan Bilboko Indautxuko Karmeneko Ama parrokian.
Caritas Bizkaia
Asteko barrien laburpenean, Eroskiren “zentimo solidarioak” ekimenaren bidez gatutako diruaren zati bat Caritas Bizkaia erakundearen esku itziko dala aitatu da. Erakunde honek, nagusiei eta zahartzaroari zuzendutako sailean erabiliko dau diru hori.
Erosketa ordaintzerakoan eskatuko jako bezeroari zentimo solte horreek emon gura dituan ala ez eta berak erabakiko dau zer egin.
Lourdes
Eleizbarrutiak antolatuta Lourdesera egiten dan erromesaldia be nabarmendu da Astekoak sailean.
Izan be, Lourdeseko Ama Bizkaiko Hospitalitateak Eleizbarrutiko erromesaldia antolatu dau beste urte batez. Euren esanetan, “erromesaldia ez da Lourdesera egiten dan bidaia hutsa; otoitza eta hausnarketa eragingo dauan giroa eskaintzen dogu, santutegiak eskaintzen dituan jarduerakaz bat egiteaz batera”. Gehiago jakiteko eta izena emoteko: 94 415 75 39.
Kultura
Kulturari lotutako haibat barri be nabarmendu da webean.
Esate baterako, “Elizetan” eta “Ziortza kontzertuak” jardueren ingurukoak eskaini dira.
“Eleizetan” jaialdiaren aurtengo ekitaldian, musika-eskaintza zabalaz gozatu ahal izango da “Eleizetan” jaialdian eta askotariko estiloak garatuko dira, esate baterako jazza, barrokoa, errenazimentuko musika, musika herrikoia, antzinako musika, folka…
“Ziortza Kontzertuak” jaialdiaren XXXV. ekitaldia irailaren 9, 10, 16 eta 17an ospatuko da Ziortzako kolegiatan. Aurton, domekaz, goizez eta arratsaldez izango dira emonaldiak.
Kulturari lotuta, gainera, zapatuz, irailak 9, goizeko 10:00etan eta eguerdiko 12:00etan Durangoko Andra Mari basilikara egin diran bisita gidatuak be nabarmendu dira webean.
Durangoko Uribarriko Andra Mari eleiza Euskal Herriko monumenturik esanguratsuenetakoa da eta forma-tipologiari dagokionez, arkitektura klasizista eta barrokoaren barruan kokatzen da.
Kostaldean
Azkenik, bizkeliza.org webean Bizkaiko kostaldeko barri bi jaso dira.
Alde batetik, irailaren 8an Pobeñan ospatu zan Sokorruko Ama Birjinaren erromeria. Ohitura handiko jaia da eta Bizkaiko leku askotako ehunka lagun batzen da ermitan, asko eta asko oinez joaten dalarik bertaraino. Ekitaldirik jentetsuenetakoa prozesinoa izan zan, goizeko 11:30etan ermitan atara eta Bariko San Nikolas parrokiara iritsi zana, bertan Meza Nagusia ospatzeko.
Webean, Gaztelugatxen ospatutako Itsaspeko Ama Birjinaren tronuratzearen 60. urteurrena be nabarmendu da.
1963an, Urpeko Jardueren Bizkaiko Alkarte Txangozaleak (UJBAT) Begoñako Andra Mariaren irudia ipini eban Gaztelugatxeko San Joanen inguruko uretan. Harrezkero, hainbat jarduera ospatu eta itsaspeko erromeria egiten da.
Urperatutako eskultura, Joaquin Lucarini eskultoreak egindako Begoñako Andra Mariaren kopia da. Artista honek Deustu auzoko “Tigrea” eraikina burutzen dauan eskultura be egin eban.
Hauxe da Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barrien laburpena