12-12-2025 Viernes, II semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bake eta Adiskidetzerako Batzordeak Durangoko ekintza bandalikoak salatu ditu
12.12.2025

Bake eta Adiskidetzerako Batzordeak Durangoko ekintza bandalikoak salatu ditu

Bake eta Adiskidetzerako Bilboko Eleizbarrutiko Batzordeak Durangon oroimenezko hainbat plakaren aurka burututako erasoak salatu eta gaitzetsi egin gura ditu. Kristau alkarteari bialdutako oharrean dinoenez, "biktimen oroimena zikintzea, ekintza garratza da eta guztiz ankerra".

Bake eta Adiskidetzerako Batzordeak abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Egunez, sinatutako agirian nabarmentzen danez, ekintza honeek “eraildako pertsonen eta euren senide eta lagunak barriro biktimizatzea dakarre”. Idatzian jasoten danez, “dalako pertsona horreen heriotza ekarri eben atentatuak gertatu ziranean eragin eben sufrimentua areagotzeaz gainera, ekintza horreek justifikatzen eta burutu ebazan erakunde terrorista xaxatzen jarraitzen dabenen erabateko okertze morala agertzen dabe”.

Durangoko Udalak bederatzi plaka jarri ebazan oran dala egun batzuk ekintza terroristaren eraginez norbait hil eben lekuetan. Joan dan asteburuan, plaka honeetako hiruk bandaloen erasoa jasan dabe “Gora ETA” pintadakaz. Honako ekintzek “oraindik lan asko dogula egiteko agerian jarten dabe”. Izan be, “batzuetan, indarkeriaren orrialdea bizkorregi pasatzeko tentazinoa izaten” badogu be, “pintada horreek gertatutakoaren oroimenari lotutako konpromiso eraginkorra ezinbesteko dala nabarmentzen dabe, batez be ankerkeria haretan bizia galdu ebenek merezi daben egia, zuzentasun eta oroimenari dagokionez”. Era berean, gizartetik muturreko intolerantziazko adierazpenak desagerrarazotea ahalbidetuko leuken “sendogarri etikoa” be ezinbestekotzat jotzen da. 

Deia kristau alkarteari

Bere nortasun eta egite ebanjelizatzailetik Batzordeak dei berezia egin deutso kristau alkarte osoari, “Jesukristoren atzetik jarraitzeak, Berak hots egin eta bizi eban bakea eraikitzera konprometitzen gaitu” gogora ekarriz eta “edozein pertsonaren duintasun besterenezina zapaltzen daben adierazpen guztiak salatzeko bat egitera” deituz.

Bake eta Adiskidetzerako Batzordearen agirian, “konpromiso jasankor eta baketzailea” aldarrikatzen dabe kontzientziak sendatzeko. Helburua, lanean jarraitzea da, ” oraindik iraganeko ekintza terroristak justifikatzeko ausardia daben eta, pertsona guztien giza eskubideak errespetatuz, etenbarik hobetu behar dogun bizikidetza demokratikoan erabat txertatu barik” dagozanak jarreraz aldatzeko gauza izan daitezan.

Oharra osorik: hemen.

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: