Bizkaian, fraile frantziskotarrek hiru komunidade daukiez: Bermeon, Foruan eta Bilbon. Iralabarriko Paduko San Antonio parrokiak 2020an beteko ditu berrogeta hamar urte. Bitoriano Iñurrategi 1959an heldu zan auzora lehenengo aldiz, irakasle lez, eta bigarrenean, parroko lanak hartu zituan bere gain 1979tik 1991era.
Bihar eskainiko dauan berbaldian, administratzaile apostoliko zan Cirarda artzapezpikua buru zala inauguratu zan parrokiaren jatorriari buruzko hainbat zehaztasun emongo dau. Bere esanetan, “sasoi haretan, parrokia bizi-bizirik egoan” eta hantxe eduki eban bere egoitza, besteak beste, “euskeraren eta euskal kulturaren alde lan egin eban” ‘Txinpartak’ gazteen taldeak.
Gizarte jantokia
Iralabarriko frantziskotarrak arduratzen dira gizarte jantokiaz azken 65 urteetan. Toño Perez frailea da koordinatzailea. Eleizbarrutiko aldizkariaren urteko lehenengo alean argitaratuko dan alkarrizketan leku horren inguruko hainbat datu eskaini dau: “Egunean 80-90 bazkari eta 100 afari inguru emoten doguz. Erabiltzaileen perfila aldatu egin da, gure gizarte paisajea aldatu dan lez”.
Gabon aldiko egun honeetan be, urtean zehar jantokian laguntzen dauan 80 boluntario inguruk bere denporea eskainiko deutse gure gizarteko behartsuenei.