Orain dala urte bi hasi ziran kulturarteko erretiroak, Migrazinoetarako Pastoraltzaren eta Loiola Zentroaren alkarlanari esker. Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritzaren barruan dagoan Migrazinoetarako arloaren esanetan, hauxe izan zan hasierako asmoa: “otoitzerako eta barneratzerako uneak ahalbideratu, euren fedea sustatzen jarraitu gura daben askotariko kulturetako lagunentzat”.
Bibliaren irakurketan sakontzeko beharrizanari eta kulturarteko taldeek eurek egindako eskariari erantzuteko, kurtso honetan beste urrats bat emongo da ETPIagaz batera eta honen laguntzagaz, heziketarako eremua eskainiz askotariko kulturetako pertsonek Biblia irakurteko aukera izan daien.
Marije Calvo Bilboko Eleizbarrutiko Migrazinoetarako arloko arduradunak azaldu dauanez, heziketarako eremu hau tailer erara garatuko da, “Bibliaren sen historiko eta eguneratua ezagutzeko eta horretan sakontzeko. Zer dinosku, gaur, Jainkoak? Heziketarako eremua atondu gura dogu eta bertan aniztasuna eta harrera nabarmendu; horregaitik, zabalik dago guztientzat eta alkarte abegitsu eta barneratzaileak eratzen jarraitzeko laguntza izan gura dau”.
Eskaintzen daben ibilbidean, orain arte lez, sei saio ospatuko litzatekez eta hiru erretiro Abendualdian, Garizuma aldian eta udan. Kurtso honetan, Markosen Ebanjelioa landuko dabe.
Heziketarako eremu honen harrera ona izan dau eta gaur egun kultur alkarte guztietako (latinoamerikar, afrikar, txinatar alkarteak eta beste talde batzuk) 35 lagun dago izena emonda. Datu guztiz aberasgarria da, azken batean, Eleiza anitz eta abegitsuaren aurpegia erakusten dauana.