16-10-2024 Miércoles, XXVIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 Bidesari, 30 urte presoei lagun eginez
10.10.2024

Bidesari, 30 urte presoei lagun eginez

Bilboko Hika Ateneo aretoan (Eskola Zumarkalea, 1, Ibaiondo) ospatuko da bihar Bilboko Eleizbarrutiko Kartzela Pastoraltzaren barruan dagoan Bidesari alkartearen urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia. Saioan, Bidesari alkartearen historia -sorrera, gertaera gogoangarriak, profesionalizatze prozesua...- gogoratuko da, urteotako irudiak ikusiko dira eta erakundeko boluntarioek, erabiltzaileek eta langileek euren esperientzia batera jarriko dabe. Gaur egungo egoeraren, erronken eta etorkizunaren inguruan be jardungo dabe.

Besteak beste, Arantza Saenz de Ugarte Bidesari alkarteko zuzendariak, Roberto Vidal Kartzela Pastoraltzarako Eleizbarrutiko arduradunak eta Manu Moreno Karidade eta Zuzentasunerako ordezkariak parte hartuko dabe.

Bidesari

Bidesari alkartea, irabazi-asmo bako erakundea da eta Bilboko Eleizbarrutiko Kartzela Pastoraltzatik sortu zan 1994an. Honako premina hau ikusita sortu zan: presoei, kartzelan bertan eta, zalantza barik, alkarte egitura normalizatuan jarraipena emoteko, suspertze pertsonalerako eta gizarteratzeko prozesuei ekiteko aukera emon.

Alkarren artean lotutako hainbat egitasmok osatzen dau egiteraua. Egitasmo bakotxa esku-hartzearen aldi bat da; egitasmo bakotxak zentzuna dau, baina beste batzuei gehituz jadesten dau benetako indarra. Kartzelan dagozan edo kartzelatik atara diran pertsonen ahalik eta burujabetze eta gizarteratze handiena lortu gura da eta aparteko arreta eskaintzen jake substantziak hartzearen eraginez nahasmenduak dabezanei eta etorkinei, gizarte bazterkeria larria jasaten dabelako eta berariazko erantzunak eskatzen dabezan berariazko arazoak dabezalako.