05-09-2025 Viernes, XXII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bihar, ekitaldi berezia Amatxuren koroatzearen 125. urteurrena dala-eta
05.09.2025

Bihar, ekitaldi berezia Amatxuren koroatzearen 125. urteurrena dala-eta

Datorren astelehenez, irailak 8, Begoñako Ama Birjinaren koroatzearen 125. urteurrena ospatuko da. Hori dala-eta, Meza berezia ospatuko da bihar, 19:00etan. Luis Gamarrak zuzendutako Santurtziko 'Lagun zaharrak' abesbatzak abestuko dau ospakizunean eta Sestaoko 'Ametsa' abesbatzak bat egingo dau beronegaz Salbea eta Begoñako Andra Mari abesteko. Miriam Cepeda Basilikako organistak, Diego Duran dantzariak eta sarrera girotuko daben 5 txistularik be parte hartuko dabe eleizkizunean. Begoñako kofradiak esku-hartze berezia izango dau eleizkizunean eta Bizkaiko eta Arabako kofradiek parte hartuko dabe. 

Eukaristia bi ospatuko dira koroatzearen 125. urteurrenean: bihar, eta irailaren 8an, astelehenez. Eleizkizun biak 19:00etan izango dira.

Bihar basilikan ospatuko dan mezako oferorioan, lore-eskaintza egingo jako Amatxuri, Begoñako kofradiak antolatuta eta eleiztarrek eta taldeek loreak eroango dabez altara ingurura.

Eukaristiari amaiera emoteko, erregina-makila dauan Begoñako Andra Mariaren irudiari eskumuinak egingo jakoz. Irudi hau beren-beregi jarri dabe santutegian, eskultura ez dago-eta ikusgai.

Urteeran, Begoñako Kofradiak koroatze kanonikoaren 125. urteurrenaren oroitzapenezko estanpak banatuko ditu.

Historia

1900eko irailaren 8an, Andra Mariaren koroatzea gertaera gogoangarria izan zan santutegiaren eta Bizkaiaren historian. Urte horretan, bederatzi egunez, Bizkaiko herri guztietako fededunak erromes joan ziran lore eta zutoihalak eskuetan, Ama Birjinari euren jaiera agertzeko, irailaren 8an, santutegiaren atarian Andra Mariaren koroatzeagaz burutu zan bederatziurrenean. Koroatu ondoren, erromesaldian jatsi ziran Bilbora eta kalez kale ibili. 

Luis Anduiza eta Goicoechea bertako urregileak egin ebazan koroak eta umearen makila. Pieza bi honeek dira “etxe honek egindako lanik bikainenetakoak”.

Unamuno, eta baita Benito Perez Galdoz, koadroan

Sasoi horretako parrokoak orain dala 125 urte egin zan ekitaldia irudikatzeko mihisea egiteko agindu eban. Orduan Italian bizi zan Jose Ignacio Luis Echenagusiak, “Echena” goitizenaz ezagutzen zanak, egin eban lana. Sasoiko argazkiez baliatu zan ekitaldia irudikatzeko. Urte biren buruan amaitu eban artistak gaur egun basilikan ikusgai dan margolana.

Enrique Franco basilikako sakristauak margolanean irudikatuta dagozan pertsonaien azterketa xehatua egiten dihardu eta, besteak beste, Unamuno eta, seguruenik, Benito Perez Galdos agertzen dira.

Bada bitxikeria bat aitatzeko: sasoiko agintari guztiak lepoa emonda dagozala. Francok azaldu dauanez, margotu zan sasoian bizi eben egoera asaldatuaren eragina izango da: “En 1903, cuando nombraron Patrona de Bizkaia a la Virgen de Begoña en las Juntas Generales, se organizaron festejos y peregrinaciones desde todos los puntos de Bizkaia. Pero, en Bilbao en aquél momento estaban los ultra liberales y decidieron no festejarlo. Los más católicos organizaron una procesión a Begoña. En esos días hubo algunas revueltas de mineros de la margen izquierda. En un enfrentamiento murió el jardinero de la Universidad de Deusto que participaba en la procesión. Esto da cuenta de la situación social de la época. Probablemente, todas esas tensiones ya existían cuando se pintó este cuadro“.

Astelehenez, irailak 8, historia oso gustuko dauan Enriquek azalpenak emongo ditu mihisearen inguruan basilikan, 18:00etan.

Begoñako Andra Mariaren koroatzearen koadroa
Enrique Franco basilikako sakristauak oso gustuko dau historia
https://bizkeliza.org/noticia/la-sorprendente-intrahistoria-del-cuadro-de-la-coronacion-de-la-amatxu/

 

Koroatzearen agiri ofiziala, eleizbarrutiko artxiboan

Eleizbarrutiko artxiboan (AHEB-BEHA) Begoñako Andra Mari parrokiaren agiriak jasoten dira, besteak beste, koroatze-eguneko jatorrizko agiria. 

Vatikanoaren baimena Begoñako Andra Mariaren koroatzerako, Erroman emonda, 1900eko maiatzaren 2an.

Begoñako Andra Mariaren agiria (Bilbao – Begoña)

(AHEB-BEHA)

Aitatutako agiriagaz batera, eta gai berari lotuta, 38 agiri aurkitu daitekez Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboan. Koroatzearen, ospakizunen eta erromesaldiaren inguruan batzorde antolatzaileak egindako agirien kopien liburuak, Erromara bialdutako gauzakien inbentarioa, diru- eta bitxi-dohaintzak eta ekitaldiaren antolakuntzatik eratorritako beste hainbat kontu, koroatzearen omenezko koadroa edo oroitzapenezko ereserkia, besteak beste.

 


 

Enrique Franco, es el sacristán de la basílica pero una de sus aficiones es la historia