Etorkin eta errefuxiatuek jasaten dabezan bidegabekeriak salatzeko batuko dira eguaztenez, Bizkaiko hainbat lekutan. Deialdia egiten dabenen esanetan, “arren eskatzen deutsegu legeak egiten eta maila batean edo bestean erabagi politikoak hartzen dabezanei, pertsonen eskubideak eta duintasuna errespetatu daiezan”.
Maiatzeko bilkuran, “itxaropena erakutsi eta mundu zuzenagoaren alde jarraitu gura dogu. Gogoan izango doguz, batez be, mugak zeharkatzeko saiakeran biktima bihurtu ziran pertsonak eta Europako hegoaldean bizi daben zoritxarraren larriagotzeaz ohartarazoko dogu”.
Migrazinoetarako Nazinoarteko Erakundearen datuen arabera, urteko lehen hilabete honetan, 805 etorkin hil dira Mediterraneoa mendebaldeko eta Atlantikoko aldetik zeharkatzeko saiakeran.
Atzerritartasun-araudi barria indarrean sartuko dan egunotan, egin daitezan legegintza-aldaketa guztiak errefuxiatu eta etorkinen eskubideetan oinarritzea eta euren segurtasun juridikoan aurrerapena ekartzea eskatuko dabe bilkuretan batu daitezan erakunde eta norbanakoek. Araupetze-bideak eskatuko dabez araudi honetatik kanpo geratzen diranenetzat, aparteko arreta jarriz adin txikikoengan eta gizarte ahuleziazko egoeran dagozanentzat.
Ekainaren 25ean izango da hurrengo bilkura isila.