22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bilboko Eleizbarrutiak bat egin dau David Salvadorri eskainitako omenaldiagaz
07.10.2024

Bilboko Eleizbarrutiak bat egin dau David Salvadorri eskainitako omenaldiagaz

Gaur, 'Triple A' talde terroristaren biktima izan zan David Salvadorri omenaldia eskaini deutse gaur Bilbon. Udalbatzak bere oroimenezko plaka ipini dau eta Bake eta Bizikidetzarako Bilboko Foroko eta Bake eta Adiskidetzerako Bilboko Eleizbarrutiko batzordeko kideek parte hartu dabe ekitaldian.

David Salvador taxilaria tiroz hil eben Andoainen 1977.eko urriaren 7an. Gaur, bere oroimenezko plaka jarri dabe jaio eta umetan bizileku izan eban lekuan, Holan, oroimenaren uriko mapari Bilbon gertatutako terrorismoaren historiako biktima barria gehitu jako.

Juan Maria Aburto alkatea, Bake eta Adiskidetzerako Bilboko Eleizbarrutiko batzordea ordezkatuz Galo Bilbao be partaide dauan Bake eta Bizikidetzarako Bilboko Foroko hainbat kide eta beste herritar asko izan da, familiagaz batera, ekitaldian.

Omenaldi-plaka Bilbao
Omenaldi-plaka

Biografia-datuak

David Salvador Bernardo Bilbon jaio zan, baina umetan lekualdatu zan familiagaz Tolosara. Hernanin eban bizilekua 11 urte aurretik ezkondu eta seme-alaba bi izan ondoren. 1977ko urriaren 7an tiroz hil eben Andoaineko Renferen geltokitik gertu. 

Ezezagun batek, edo beharbada batek baino gehiagok, David Salvadorren taxia eskatu eben Hernanik; berak hartu eta biharamunean, goizeko 7:30ak inguruan, autoa aparkatuta agertu zan lekura arte eroan ebazan. Andoaineko abade batek autoa aurkitu eta Guardia Zibila jakinaren gainean ipini eban.

Guardia Zibila bertaratu zanean, autoak oraindik motorra martxan eukan eta argiak biztuta. Tiro bi jaurti eutsezan burura atzeko jesarlekutik eta auto barruan sei bala-zorro aurkitu ebezan. Berehala baztertu eben lapurretaren hipotesia ez egoalako inongo borroka- edo erresistentzia-zantzurik eta Daviden gauzak ikutu barik egozalako taxi barruan. Berrogeta lau urte ebazan eta alarguna eta seme-alaba bi itzi ebazan.

Atentatuaren erreibindikazinoa

Estimu handian eben Hernanin eta barria jakiteaz batera, inguruko taxilariek zerbitzua eskaintzeari uko egin eutsen dolua agertzeko. ‘Triple A’ taldeak bere gain hartu eban atentatua eta ETAri informazinoa emoteagaz lotu eban hilketa. Lehenengo hilketa izan zan ‘heriotzaren triangelua’ deitutakoan, hau da Andoain, Urnieta eta Astigarraga-Hernanin. 1977 eta 1981 bitartean, Triple A, Batallón Vasco Español (BVE) eta Grupos Armados Españoles (GAE) taldeek zortzi lagun hil ebezan herri horreetan. 2019an, Andoaineko udalak auzia jarri eban frankismoan eta trantsizinoan herriko auzotarren aurka egindako krimenengaitik. Epaitegiak atzera bota eban eskea 1977ko Amnistia-legeari helduta eta hilketa hau erantzukizun judizial barik geratu zan eta ez dira ez egile materialak ez intelektualak ezagutzen. Gaur, hilketa gertatu zanetik 47 urte igaro diranean, Bilbao uriak oroimenezko plaka jarri dau Daviden izena gogoan izateko.

Galo Bilbao, miembro del Foro por la Paz y la Convivencia en un momento del acto