16-09-2025 Martes, XXIV semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bilboko eleizbarrutiak egoitza bakarra egiteko egitasmoari eutsi egiten deutso
16.09.2025

Bilboko eleizbarrutiak egoitza bakarra egiteko egitasmoari eutsi egiten deutso

Bilboko udalak Barrainkuan eleizbarrutiaren erakin barria jasotzeko obra-baimenaren luzapena ukatu ondoren, Jose Miguel Erdozain eleizbarrutiko gerenteak obraren gaur egungo egoeraren inguruko azalpenak eskeini ditu. Bere esanetan, sakabanatutako 12 zerbitzu batzeko "egitasmoak orain be lehentasuna dau" Bizkaiko Eleizarentzat eta gertatu dana "enpresa eraikitzailearen konkutso-egoerak eragindako izapide administratibo hutsa da". 

Bilboko eleizbarrutiak hainbat zerbitzu batuko dauan egoitza bakarra eraikitzeko egitasmoari eutsi egiten deutso. Jose Miguel Erdozain eleizbarrutiko gerenteak nabarmendu dauanez, aurreko enpresa eraikitzaileagazko lege-egoera konpontzeaz batera, kontratista barria bilatzeari berrekingo jako. 


Luzapena ukatzeak 2001ean sortutako egitasmoa aldi baterako etetea dakar. Orduan hasi ziran eleizbarrutian sakabanatuta egozan zerbitzuak leku berean batzeko aukera aztertzen.


Barrainkuan, BAM Irakasleen Unibertsitate Eskola egoan lekuan jaso gura dan egoitza barriak bitarteko material eta pertsonalak optimizatu gura ditu, koordinazinoa ahalbidetu eta “ekintza bateratua” sustatu.

Lasaitasunerako mezua

Eleizbarrutiko arduradunek “lasaitasun eta konfiantzaz betetako mezua” zabaldu gura dabe. Erdozainen esanetan, “eleizbarrutiaren interesak defendatzeko bidezko gestinoak” egiten dihardue eta, eragozpen hau gaindituta, “guztiontzako etxea” eraikitzea ahalbidetuko dauan sustatzaile barria bilatzen hasiko dira. 

Egitasmo bat, onuradun asko

Eleizbarrutiko administrazinotik harago, eraikinak zerbitzu-ekipamendua eskaini gura deutse herritarrei. “Arauzko bide administratibo” guztiak jarraitu dituan egitasmoa gehiengo osoz onartu zan udalbatzan. Lekuaren %60 eleizbarrutiko zerbitzuetarako da eta gainerako %40 Gizarte Segurantzagaz lankidetzan aritzen dan Mutualia irabazi-asmo bako erakundearen klinika barrirako. Gerentearen esanetan, Mutualia, erakunde bien egitasmo honen aldeko “konpromiso sendoan” berretsi da.

Egoitza bakarrean instalazino modernoak izango dira hainbat erakundeen erabilerarako: BAM, eleizbarrutiko liburutegia, Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutua, Labayru fundazinoa, Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboa (sakramentu-agiriak eta egundoko balioak dabezan agiriak), ICARO interpretazinorako zentroa, Lagungo fundazinoa, e.a.

José Miguel Erdozain, gerente diocesano