29-09-2025 Miguel, Gabriel y Rafael, arcángeles
Bizkeliza 5 75. urteurrena 5  Bilboko eta Donostiako eleizbarrutien sorreraren 75. urteurrena
29.09.2025

 Bilboko eta Donostiako eleizbarrutien sorreraren 75. urteurrena

1950ean, Pio XII.a Aita Santuak Euskal Herriko Eleizaren egitura berrantolatu eban, 1862tik Gasteizko gotzainaren ardurapean egozan hiru euskal eleizbarrutiei izaera juridiko burujabea emonez. 1949an sinatu eta 1950eko uztailaren 1ean indarrean sartu zan Quo Commodius buldak gotzain egoitza barri bi sortzea ahalbidetu eban: Bilboko eleizbarrutia Bizkaia osorako -Urduña kenduta- eta Donostiako eleizbarrutia Gipuzkoako herri eta uri guztietarako, bakotxa bere gotzainagaz. 

75 urte alkarlanean, Barri Ona eta Jesusen bizitza herrian bultzatzen, bakea eta demokrazia sustatzen aldi aztoratuetan eta kide eraginkor, garrantzitsu eta esanguratsu izanez euskal gizartean. Azken baten, 75 urte pastoral lankidetzan, arlo askotak frutuak emonez eta etorkizunari begira, bat eginda, alkartasunean eta abian egonda, lan egiten jarraitzeko ilusinoagaz, Kristo bizidun eta berbiztuaren Barri Ona zabaltzea helburu nagusitzat hartuz.

Eta guzti hau ospatzeko, hiru eleizbarrutiok jai- eta jolas-eguna prestatu dabe, senidetasunean sakontzeko. Urriaren 25ean, zapatuz, izango da Estibalizko Andra Mari santutegian, euskal erromanikoko harribitxi, fede-sorburu lurraldeotan eta Frantzisko Aita Santuak deitutako eta Leon XIV.a Aita Santuak sustatutako Itxaropenaren Urte Santurako jubileu tenplu izendatutako lekuan.

Egitaraua:

  • 10:45etan, Estibalizko Andra Mari santutegian alkartu. Leku hau zaintzen daben Eukaristiaren serora erromesek egingo deutsie harrera bertaratutakoei.

  • 11:30etan, erromesen harrerarako gunean, “Euskal eleizbarrutien historia” berbaldia eskainiko dau Santiago de Pablo Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Historia-katedradunak.

  • 12:30etan, kultur eta arte ibilbidea santutegian eta erromanikoaren interpretazinorako gunean.

  • 13:15etan, erromesen harrerarako gunean, Meza Nagusiari hasiera emongo jako, On Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzaina, On Joseba Segura Bilboko gotzaina eta On Fernando Prado Donostiako gotzaina buru dirala eta euren bikario natusiak, gotzain bikarioak eta hiru eleizbarrutietako abadeak alkar-meza emoten dirala.

  • 14:15etan, bazkaria santutegiaren eremuan dagoan eta serora erromesek kudeatzen daben ‘Amaren etxea’  jatetxean. (Antolaketarako, ezinbestekoa da aurretik lekua hartzea)

  • 16:00etan, dantza plazan, musika eta dantza Monasterioko zabalunean.

  • 17:00etan, agurraren aurretik, musika erlijiosoa Eukaristiaren serora erromesen eskutik tabernako terrazan.

  • 17:30etan, euskal gotzainen agurra eta urteera autobusez santutegiko aparkalekutik.

Gainera, ‘Amaren etxea’ taberna eta Estibalizko oroigarrien denda zabalik izango dira egun osoan. Izango da noregana jo zalantzak argitzeko eta argibideak eskatzeko.